GARA > Idatzia > Gutunak

FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZaLEZ Iruñeko Udaleko LAB

Etxez etxeko zerbitzua: zuzenbide pribatuko enpresa publikoa?

Iruñeko Udaleko LABek bere desadostasuna adierazi nahi du etxez etxeko zerbitzua gauzatzeko Nafarroa Baik osoko bilkuran aurkeztutako proposamenarekiko (osoko bilkurak atzera bota zuen UPNren aurkako botoekin eta EAE alderdiaren abstentzioarekin).

Nafarroa Bai koalizioak proposatu zuen enpresa publikoa sortzea etxez etxeko zerbitzua aurrera eramateko. Kapitala osorik Iruñeko Udalarena izanen lukeen enpresa publikoa, alegia. Enpresa publiko horretan sartuko lirateke Azvase, S.L. enpresako langileak, subrogazioaren bidez. Horiek zerbitzuaren zatirik handiena eramaten dute gaur egun, Azvasek lehiaketa publikoa irabazi zuelako.

Bestalde, langile organikoko lanpostuak (35) atxikiko lirateke enpresa publiko horretara. Orain dela gutxi, epai baten bidez, Iruñeko Udala lanpostu horiek 2006ko Lan Eskaintza Publikoan sartzera behartua izan zen. Beraz, deialdia egin ondoren plaza lortutako langileak atxikiko lirateke enpresa publiko horretara, Nafarroa Bai-ren proposamenaren arabera.

Iruñeko Udaleko LABek ez dio zentzurik ikusten lana antolatzeko asmakuntza horri. Horrelako zerbitzua udalaren diruaz sortutako elkarte anonimo baten bidez egitea, zuzenbide pribatuaren bidez funtzionatuko lukeen enpresa publikoa sortzea, ez da logikaren araberako erabakia.

Langileen lan baldintzak berdindu nahi badira, langileak Iruñeko Udaleko hitzarmenaren barruan egotea da onena, eta horretarako kudeaketa zuzena irtenbiderik zentzuzkoena. Pribatizatutako zerbitzuak berriz udalekotzearen alde dago LAB. Langileen Batzordeak behin eta berriz defendatutako jarrera da gainera. Ezinbestean, horrek parte hartze libreko deialdi publikoa dakar berarekin, eta horren alde dago LAB (Lan Eskaintza Publikoko 35 postu horien oposaketa Iruñeko Udalak atera dezan, helegitea tartekatuta dugu Nafarroako Administrazio Auzitegian).

Nafarroa Bai-ren proposamenarekin, Azvaseko langileak sartuko lirateke enpresa publiko horretan, eta Iruñeko Udalean lanpostu hutsa betetzeko aldi baterako kontratua duten familia langileek enpresa publiko horretan egoteko oposaketa gainditu behar izango lukete lehen-lehenik.

Hauxe eskatzen diegu Udaleko alderdiei (eta batez ere gehiengoa osatzen duten oposizioko alderdiei): pribatizazioen aurkako jarrera manten dezatela, pribatizatutako zerbitzuak berriro udalekotzea defenda dezatela, eta deialdi publikoen bidez urteetan izandako prekarietatearekin buka dezatela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo