GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iosu Murgoitio Gaztelurrutia Aita eta Gorputz Hezkuntzako Irakaslea

GH, anaia txikia

Badirudi haize berriek leku guztietatik immobilismora garamatzatela. Haurrak jarlekuetara lotzea baino ez zaigu falta

Curriculum berria eta ohitura zaharrak esan beharko. Berriro ere, orain dela 13 urte teknologia berriekin eta abarrekin gertatu zen bezalaxe, irakaskuntzan eduki berriak txertatu nahi dira (oraingo honetan Erlijioa, Elkarbizitza...) eta Gorputz Hezkuntza ikasgaia balbula gisa erabiltzen da edukien globoari presioa jaisteko.

Auziak azalpena dauka, ordea. Europa aldeko zenbait herrialdetako irakaskuntzako datuak aztertu eta erkidego autonomikoekin alderatu eta gero, ondorio argi batera heldu dira: matematika eta hizkuntzetan emaitzak ez dira espero ziren bezain egokiak. Ematen dugun maila Europako batez bestekoarekin alderatuz gero, badugu, antza, zertan hobetu. Irtenbidea benetan originala: Gorputz Hezkuntzari murrizketa, gainera kamuflatua. Erabaki hau hartu dutenek murrizketarik ez dagoela aipatuko digute, ikastetxearen esku utziko ei dira-eta astean bost ordu. Baina, jakina, aldi berean ikastetxe hauei esango zaie Matematikan eta Hizkuntzan ez dugula mailarik ematen, beraz... indartu egin beharko dira.

Zein ikastetxetan bete dira orain arte Gorputz Hezkuntzari zegozkion bi ordu eta erdiak? Inon ere ez, edo oso leku gutxitan. Eta isilean egon gara. Bestalde, hiztegi instituzionala geure eginez, ikasgai instrumental eta ez instrumentalen arteko bereizketa injustu hau ere geure egin dugu txintik esan gabe, eta inplizituki ikasgaien arteko kategoria desberdinak onartu ditugu, `behikularrak' eta besteak. Mugimenduan oinarritzen den ikasgai bat `behikularra' ez bada, esango didazue zein den beste jakintza batzuetara eramango gaituen ikasgaia. Haur bat jaiotzen denean eta oraindik hizkuntza menderatzen ez duenean... zer erabiltzen du, mugimendua ez bada, inguruarekin harremanetan hasteko? Nolatan esan dezakezue koordinazioa, oreka eta jolasa lantzen dituen arlo bat ez dela instrumentala? Bejondeizuela.

Haurrentzat ez dago aitzakiarik Gorputz Hezkuntzako saioak «galtzeko», ez mendi irteerarik, ez zinemarik, ezta jai egunik ere. Gainontzeko ikasgaietan kezka nagusia motibazioa bada, gurean saioaren arima bihurtzen da. Gaur egungo mugimendu pedagogiko berriek haurraren interesari ematen dioten garrantzia, edo hainbat programatan sarri aipatzen den haurren partaidetzari... zakurraren putza!

Galdera bat dabilkit buruan gai honi buruz, eta jakin nahiko nuke zer pentsatzen duten hau `makinatu' dutenek: Zerekin lotzen-erlazionatzen dute Gorputz Hezkuntza ikasgaia? Zertan oinarritu dira hau «proposatzeko»? Izan ere, ordu falta duten curriculumek beti jotzen dute aldaba ate berean, lehen eta orain.

Ulertezina egiten zait. Gainontzeko ikasgaietan lantzen diren eduki zein helburuei erreparatzen badiegu arlo honetan, informatikako edukiak izan ezik, gainontzeko arlo guztiak ikutzen ditugula konturatuko gara: Musika, Arte Hezkuntza, Matematika, Hizkuntza... Zehar lerroetara jotzen badugu, hordagoa botatzeko prest nago. Zein arlotan lantzen dira kopuru zein kalitate aldetik Gorputz Hezkuntzan beste? Erabiltzen dugun espazioagatik, sortzen den dinamikagatik, suertatzen diren egoerengatik (kooperazioa, lehia, aurkakotasuna...) Zein arlok eskaintzen ditu aukera gehiago? Ezbairik gabe, bizipen ugari sortzen dira eta aldi berean aberatsak, higienea, begirunea, gizatasuna, hezkidetza... lantzeko baliagarriak.

Etorkinen bat eskolara iristen bada, ikasgai gehienetan laguntza jarriko zaio, baina Gorputz Hezkuntzan oso kasu puntualetan. Izan ere, mugimendua komunikazio tresna internazionala da, eta mugimendua protagonista den arlo honetan inon baino hobeto konpontzen dira etorri berriak, inon baino arazo gutxiago izaten dituzte, eta beraien integrazio prozesuan ikaragarrizko onurak ekartzen ditu.

Bake hezkuntzan, edo hainbestetan entzun dugun Elkarbizitzan, bista jarriz gero, gure arlo honetan adina gatazka ez dela inon sortzen ziurta genezake. Eta hau onerako eta txarrerako da. Mugimendua eta kontaktua dauden espazio guztietan bezalaxe, arauak eta ondorioak ditugu, emozioak jolasaren bitartez bideratzen ditugu eta beti egin dugu lan gatazken eraldaketan zein bitartekaritzan.

Ez naiz erantzun bat bilatzeko gai gaizki pentsatu gabe. Eta gaizki pentsatzen hasita, erabaki hau hartu dutenek Gorputz Hezkuntza futbolarekin, saskibaloiarekin edo, larriagoa dena akaso, errendimendu fisikoarekin soilik lotzen dutela esango nuke. Jakina, analisi hau egiten duenak eskolan kentzen diren orduak eskolatik kanpo jasoko dituztela pentsatuko du. Munduan ez dago kiroletan beste aditu, eta musu truk lan egingo duen jenderik ez da faltako inoiz, batez ere esku artean dagoena futbola bada.

Gorpuz Hezkuntza arloan, orain arte behintzat, lau eduki multzo landu ditugu. Badirudi dekretua onartzen bada, gaurdaino zeharka landu dugun bat ere sartuko dela. Ba, jakin ezazue kirolak edo jolas egokituak bakarrik horietako multzo batean lantzen ditugula, nahiz eta beste helburu edo edukiak lantzeko tresna bezala ere erabiltzen dugun. Honekin esan nahi dut kirol eskolak inoiz ezingo duela gorputzaren hezkuntza integrala ordezkatu.

Tamalgarria da, baina badirudi haize berriek leku guztietatik immobilismora garamatzatela. Haurrak jarlekuetara lotzea baino ez zaigu falta, ondoren albistegiak eta aldizkariak sedentarismoaren gaiarekin betetzeko.

Ez nuke bukatu nahi kontu honetan denok daukagula egiteko zerbait aipatu gabe. Ez da faltako gai hau Gorputz Hezkuntzako irakasleekin lotzen saiatuko denik, baina hemen haurrak, guraso elkarteak eta klaustro osoak daude inplikaturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo