GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amaginarreba hil izana ukatu du Gasteizko enpresariak

Pilar Atxaerandio 75 urteko emakumea hilda aurkitu zuten bere Gasteizko etxean iazko abuztuaren 6an, eta atzo, epaiketaren lehen egunean, ustezko hiltzaile Ramon Talegonek ukatu egin zuen akusazioa. Talegon zendutako andrearen suhia da, Alde Zaharreko erretegi ezagun baten jabea, eta gorpua topatu eta bi egunera atxilotu zuen Ertzaintzak.

GARA |

Ramon Talegon Gasteizko enpresariaren kontrako epaiketa atzo abiatu zen; lehenik eta behin epaimahaia aukeratu zuten eta ondoren fiskala akusatuari galderak egiten hasi zitzaion. Amaginarreba hiltzea egotzi zioten Talegoni, baina honek ukatu egin zuen krimenaren egilea bera izan zela.

Pilar Atxaerandio 75 urteko andrea hilik aurkitu zuten Arabako hiriburuko bere etxean, La Paz kalean, 2006ko abuztuaren 6an. Familiako kide bat sartu zen bertara, eta logelako lurrean ikusi zuen Atxaerandio, burua kolpatuta zuela. Gorpua topatu eta bi egun geroago, biktimaren alabetako baten senarra eraman zuen atxilotuta Ertzaintzak: Ramon Talegon, Gasteizko Alde Zaharrean dagoen erretegi ezagun baten jabea.

22 urte eskatu ditu fiskalak

Fiskalak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, 18 hilketa delituagatik eta bertze 4 indarkeria erabiliz ebasteagatik. Izan ere, hilketa izan zen lekuan, biktimaren etxean, dirua desagertu zela salatu zuten senitartekoek eta, ertzainek jakinarazi zutenez, akusatuaren erretegian euro billete batzuk aurkitu zituzten, horietako batzuk odolez bustita.

Atzo hasi zen fiskala Talegoni galderak egiten eta joan den urteko abuztuan, La Paz kaleko hilketa gertatu zen garaian, akusatuak bizi zuen egoera ekonomikoari jarri zion arreta bereziki. Galdetzaileak baieztatu zuenez, garai hartan enpresari gasteiztarra larri zebilen diruz eta negozioa saltzen ahalegindu zen. Fiskalak eman zuen azalpenaren arabera, estuasun ekonomiko horrek eramango zuen Ramon Talegon amaginarrebaren etxean sartu, lapurreta egin eta ondotik adineko emakumea hiltzera.

Akusazio pribatua biktimaren seme-alaba batzuek osatzen dute. 25 urteko espetxealdia eskatzen dute hauek amaren ustezko hiltzailearentzat, fiskalak azaldutako delitu berberengatik, hau da, hilketagatik eta indarrez lapurtzeagatik. Akusazio pribatuak nabarmendu zuenez, Pilar Atxaerandioren azazkalen tartean aztarna batzuk topatu zituzten Talegon errudun dela erakusten dutenak. Gizonak jantzita zeramatzan galtza bakeroen fibra arrastoak aurkitu zituzten emakumearen azazkalen artean.

Defentsak, bere aldetik, atxilotutako gizonezkoa libre utz dezatela eskatu zuen, probak falta direla irizten diolako. Hori dela-eta, aurkeztutako probak baliagarriak diren ala ez erabakitzeko, enpresariari krimena leporatzeko aski diren edo ez ebazteko galdegin zien epaimahaiko kideei. Ana Eguren abokatuak ziurtatu zuenez, akusatuak ez zuen hilketarik eta lapurretarik egin, eta, gainera, ez dago kontrakoa erraten duen froga erabakigarririk ere.

Ramon Talegonen kontrako epaiketak aste osoan jarraituko du eta lekukoen testigantzak adituko dituzte epaimahaiko kideek. Bertzeren artean, ertzain batzuk eta zenbait aditu mintzatuko dira Arabako hiriburuko epaitegian.

akusazio pribatua

Hildako emakumearen seme-alabek nabarmendu dutenez, Ramon Talegonek jantzita zeramatzan galtza bakeroen fibra arrastoak topatu zituzten gorpuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo