Europako Kontseiluaren txosten batek NBEren eta EBren «zerrenda beltzak» salatzen ditu
Dick Marty Suitzako parlamentariak, lege auziez eta giza eskubideez arduratzen den Europako Kontseiluko komitearen izenean, NBEren eta EBren «zerrenda beltz»ei buruzko txostena idatzi du. Marty iaz egin zen ezaguna, «terrorismoaren aurkako guda»ren aitzakiarekin Bush administrazioak ezarritako hainbat neurriren aurka egiteagatik. Europaren baimenarekin egindako bahiketa ilegalak, atxiloketa zentro sekretuak eta torturaren tribializazioa salatzen zituen.
Nazio Batuen zerrenda beltzean harrapatuta geratu den negozio gizon egiptoar baten kasuarekin abiatu da oraingo salaketa. Epairik gabe, frogarik gabe eta epemugarik gabe, oinarrizko eskubideak murriztuak dituen pertsona horren egoera «kafkarra» azaldu du Martyk. Kasu isolatua ez dela ere esan du. Aipatu behar da hainbat euskal erakunde politiko eta 20 bat herritar daudela zerrenda horietan .
Ondorioetan, egoera hauek babestean bidaltzen den mezuaz ohartarazi du: zuzenbide estatua eta giza eskubideak eguraldiaren arabera aplika daitezken osagarri gisa ulertzea dakar. Eta toki batzuetan, Europa barne, aspaldian eguraldi petrala dagoela iradoki du.