Egindako hutsak aurredenboralditik datozela uste du kapitainak
Astudillo: «Akats hauekin ez dugu lasaitasunik izango»
Erdilari argentinarrak irmotasun handiagoa eskatu du defentsan eta fede handiagoa erasoko jokaldietan
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Min handia egin du Alavesen igandeko porrotak, ez bakarrik partidan aurkaria baino gehiago izan zirelako, egindako akatsek igandean beste «final» bat jokatzera behartzen dutelako baizik. Martin Astudillo kapitainak kontzentrazio eta irmotasun handiagoa eskatu zituen Mendizorrotzatik kanpo jokatu beharreko partidetan, etorkizuna lasaitasun handiagoz begiratzeko.
«Aste txar bat dugu aurrean berriro, ez baitaukagu lasaitasunerako betarik. Igandean berriro ere azterketa gogor bat daukagu beheko postuetatik irteteko. Ez gaude kezkatuta, egin ditugun partida onek konfiantza ematen baitigute, baina badakigu hainbat partida galdu ditugula egindako zenbait akatsengatik eta akats horiek aurredenboralditik errepikatzen ari dira. Beraz, hor hobetu beharra daukagu aurrera egiteko», azaldu zuen argentinarrak.
Baina atzealdean egindako akats hauek bereziki larriak dira, golak egiteko sekulako zailtasunak dituelako Alavesek. Gauzak horrela, aurkariak gol bat egiten dionean, oso zail egiten zaio talde babazorroari partidari buelta ematea. «Arerioa baino gehiago izan ginen, baina ez genuen izan berak bezainbesteko maleziarik porteriaren aurrean. Aurkariaren atera arriskua sortuz iristen ez bazara, berak ez du batere sufritzen eta lasai defendatzen da. Gure kasuan gainera, erdiraketa bakoitzean edo geldikako jokaldietan asko sufritzen dugu; ondo defendatzen dugunean, aldaratze batetik etortzen da gola eta markagailuaren aurka jokatzea oso zaila egiten zaigu. Beraz, alor honetan lan handia egin beharko dugu, bai kontzentrazioan, bai lanean; eta jokaldi bakoitzean askoz ere irmoagoak izan beharko dugu».
Taldeko kapitain eta beteranoa izanik, garrantzia kendu nahi izan zion Samuelek huts egindako penaltiari, halere, gola egin izanez gero, partidak beste norabide bat hartuko zuela onartu zuen.
El Ejidotik itzulita, elkarrekin gosaldu eta entrenatu zuen atzo goizean taldeak. Partidak ez zuen garrantzizko lesiorik utzi baina Gaspar, Astudillo, Raul Sanchez eta Gabrik zenbait molestia zituztela itzuli ziren.
Las Palmasen aurkako partida igandean jokatuko da, arratsaldeko seietan. Ordurako Polideportioko fondo egokitze lanak amaituta egongo ez direnez, bertan egoten diren zaleek beste leku batetik ikusiko dute partida.