GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko B Maila

Hernanik astindua hartu du lehen sailkatuaren zelaian

Gipuzkoarrek lehen zati ona egin zuten, eta 10-10 joan ziren atseden hartzera, baina bigarren zatian madrildarrak gehiago izan ziren dudarik gabe

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Hernanik Ohorezko B Mailako bigarren postua galdu zuen herenegun Madrilen, Liceo Frances taldearen aurka 51-10 galdu ostean. Partida garrantzitsua zen gipuzkoarrentzat, bigarren postu horri eusteko aukera baitzuten, baina madrildarrek bigarren zatian menderatu zituzten gipuzkoarrak.

Partida garrantzitsua zen bientzat, lehen sailkatuaren zelaian jokatzen baitzuen talde euskaldunak. Irabazita, bigarren postu horretan jarraituko zuen, eta hori garrantzitsua da, denboraldiaren amaieran lehen bi sailkatuek jokatuko baitute igoera fasea.

Hernanik iaz jokatu zuen igoera fase hori, baina aurten ez dute lan erraza izango, multzo hortan baitira iaz Ohorezko Mailan ziren bi talde: Liceo Frances eta Cisneros. Iaz maila nagusia galdu zuten bi taldeek.

Hernanik aurkari zaila izateaz gain, berak ere bazituen nahiko a arazo, hamahiru jokalari falta baizitzaizkion taldean, eta baja horiek eraginik ere izan zuten. Hala ere, partida ongi hasi zen, gipuzkoarrak 0-3 aitzineratu baitziren. Gero, Hernaniko jokalari batek hamar minutuz zelaia utzi behar izan zuen, eta madrildarrek horixe aprobetxatu zuten bi entsegu lortzeko. Hala ere, Hernaniko jokalariek transformatutako entsegu bat lortu zuten, eta 10-10 berdinduta zirela joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, ordea, oso bestelakoa izan zen, Gipuzkoarrek huts egin zuten atzean, eta Liceok ez zuen barkatu.

Maila honetako beste bi euskal taldeek elkarren aurka jokatu zuten Gernikan; 14-13 irabazi zioten Durangori. Markagailuak erakusten duen moduan norgehiagoka estua izan zen. Ikusgarria ez, baina bai emozio handikoa.

Gernikak bi entsegu eta bi transfomazio gauzatu zituen, eta Durangok, aldiz, entsegu bat, transformazio bat eta bi zigor-kolpe lortu zituen.

Sailkapenari begiratuta, Gernika dago orain hirugarren postuan, eta laugarren Hernani; dena den, biak berdinduta daude 14 punturekin. Durango bosgarren dago hamaika punturekin.

Datorren asteburuan ere partida garrantzitsua izango du Hernanik, bigarren postuan dagoen Cisneros hartuko baitu Landaren. Norgehiagoka hori irabazita, berriro ere bigarren postuan jartzeko aukera dute, une honetan Cisnerosek bi puntu kentzen baitizkio Hernaniri.

DERBIA

Gernikak eta Durangok, elkarren aurka jokatu zuten, eta etxekoek lortu zuten garaipena, 14-13. Partida ez zen ikusgarria izan, baina hasieratik amaierara bitarte izan zen oreka eta emozioa.

Sailkapena

Saikapenean, Hernanik atzera egin du, eta bigarren postutik laugarrengora jaitsi da; Durango, aldiz, hirugarren postura igo da. Durangok, bere horretan jarraitzen du, bosgarren postuan.

Saracensek doi-doi menderatu du Glasgow

Europako Kopan, laugarren multzoan, Biarritzenean, alegia, Saracensek irabazi egin zuen, baina uste baino askoz ere lan gehiago egin behar izan zuen Glasgow 33-31 mendean hartzeko. Saracens da, ustez, Biarritzek izan dezakeen aurkaririk gogorrena, eta atzo bi punturengatik bakarrik irabazi zuen.

Emaitza horrekin, eskoziarrak ere lehian sartzen dira, defentsako puntu gehigarria lortu baitzuten. Biarritzek datorren larunbatean hartuko du Agilerako estadioan Saracens taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo