Gipuzkoatik Oiartzun, Tolosa eta Lizartzatik joango dira Euskal Herriko Kantu Txapelketara
GARA | DONOSTIA
Bukatu da jada Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa eta Nafarroara begira jarri dira antolatzaileak, bertako finala larunbat honetan, azaroak 17, izango baita Lekunberriko Udal Polikiroldegian 18.00etatik aurrera. Final Nagusia berriz, datorren urtean izango da.
Horiek hala, 2008ko Euskal Herriko Kantu Txapelketan honakoek hartuko dute parte: Irati Odriozola oiartzuarrak, Tolosa eta Lizartzako Arantza eta Marta bikoteak eta Ane eta Olatz Oiartzungo bikoteak. Ordezko, Oihane Sarasola ibartarra joango da txapelketara. Kategoriei erreparatuz, Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketako finala bakarlari mailan, Oiartzungo Irati Odriozolak irabazi zuen, eta Oihane Sarasola ibartarrak eskuratu zuen bigarren postua. Bikoteei dagokienez, lehen saria Arantza eta Martarentzat izan zen, eta bigarrena Ane eta Olatzentzat. Taldeen kategorian, berriz, sariduna Eneritz, Ainhoa eta Beatriz, Arrasateko hirukotea izan zen, eta bigarren saria Oiartzunera joan zen Oinutsik taldearen eskutik.
Sari bereziei dagokienez Jagoba Astiazaranek interpretazio onenari eta sormenari dagozkion sari bereziak eraman zituen etxera; Alaitz Ormazabalek ahots hutsez egindako interpretaziorik onenari sari berezia; eta Irati Odriozolak ahots onenari emandako sari berezia jaso zuen. Bestalde, Gorka Zabaletak nortasunaren saria eraman zuen, Kristina eta Leire bikoteak «publikoarekin konexioa» izeneko saria eta T-Klax taldeak ausardiaren saria. Sari berezi hauek guztiak epaimahaiak erabaki zituen.
Publikoak aukeratu eta ematen duen sarirako, berriz, Villabona eta Adunako Kristina eta Leire bikotea izan ziren boto gehien jaso zutenak.