Lakuako eta Iruñeko aurrekontuak errefusatu ditu ezker abertzaleak
Juan Jose Ibarretxeren eta Miguel Sanzen gobernuek 2008rako bultzatu dituzten aurrekontu «bikiak» gaitzetsi zituen atzo ezker abertzaleak. Neoliberalak, eskuinekoak izateaz gain, Madrilekiko «menpekotasuna bermatu eta Euskal Herriaren lurralde zatiketan sakontzen» duten proiektuak direla adierazi zuen, «mar- ko agortuei» begira eginikoak.
Gari MUJIKA |
Ezker abertzaleak gogor salatu ditu Ibarretxeren eta Sanzen gobernuek hobetsi nahi dituzten aurrekontu «bikiak». Berdinak baitira independentisten irudiko, nahiz eta jendaurrean aurkari bailiran agertzen diren alderdiek osatuak izan, biak ala biak aurrekontu «neoliberalak, Euskal Herriaren zatiketa eta Madrilgo menpekotasuna bermatzen dutenak, eta goitik behera inposatuak direlako». Hala, «marko agortu baterako eginiko aurrekontuok» deitoratu egin ditu ezker abertzaleak.
Eusebio Lasa eta Patxi Urrutia ezker abertzaleko kideek atzo Donostian egindako prentsa agerraldian gogor gaitzetsi zituzten EAJk eta UPNk, PSOErekin «esklusiban», aurrera atera nahi dituzten 2008ko aurrekontuak. Lasaren eta Urrutiaren esanetan, aurrekontuok bi ardatz nagusi dituzte: batetik, atzerakoiak eta neoliberalak direla, eta bestetik, «eremu autonomikoa apuntalatzeko eta Madrilen menpekoak» direla.
Eskuineko aurrekontuak dira, besteren artean, «zerga atzerakoiak direlako, enpresen onurari begirakoak; gastu soziala, aldiz, Europako Batasuneko gu- txiengotik urrun dago. Gainera, osasungintza pribatizatzeko pausoak ematen dira, lanaren prekarietatea bultzatzen da, eta oinarrizko soldata gutxiengora ere ez da iristen».
Biek ala biek, gainera, Euskal Herriari inoizko makroproiekturik handiena «inposatzea» aurreikusten dute: Abiadura Handiko Trena. Miguel Sanzen Gobernua ere AHT Nafarroatik igaro dadin egin beharreko kudeaketa lanetan baitabil.
«Marko agortu baterako»
Bigarren kritika orokorra, bi aurrekontuak Euskal Herriaren lurralde zatiketan oinarritzen direla izan zen, «marko agortu ba- terako eginiko aurrekontuak» baitira. Besteren artean, Monarkia espainolarentzat edota Polizia zein Armadarentzat bi mila milioi euro euskal herritarrenak izango direla deitoratu zuten.
Hirugarren salaketa, ordea, «inposaketa» abiapuntu dutela izan zen. Ez EAJk eta ezta UPNk ere oposizioarekin hartu emanik ez dutelako izan, eta «esklusiban» PSOErekin hitzartu dituztelako. Are gehiago, eragile sozial eta sindikalak, berriro ere, aurrekontuen eztabaidatik baztertuak izan direla kritikatu zuten ordezkari abertzaleek. Hain justu, eragileoi Euskal Herriarentzat aurrekontu alternatiboak defendatzeko eta bultzatzeko deia egin zien ezker abertzaleak.
Lakuako Barne Sailaren buru Javier Balzak AHTren lanei boikota egin nahi dieten «biolentoen aurka sendotasunez» arituko direla aurreratu zuen.