Euskal Herria Bai koalizioa kantonamenduetarako bozaldietara aurkeztuko da
GARA |
Joan den ekainean izan ziren Legebiltzar frantseserako hauteskundeetan bizitutako esperientzia positiboa oinarri hartuta, Batasuna, Abertzaleen Batasuna eta Eusko Alkartasuna alderdiek datorren urtean izango diren kantonamenduetarako bozetan elkarrekin aurkeztea erabaki dute berriro ere. Oraingoan ere Euskal Herria Bai koalizioaren baitan aurkeztuko dira hiru alderdiak, eta Pauen gutxienez bigarren ordezkari abertzale bat lortzeko apustua jarri dute mahai gainean.
Baionan eskainitako prentsa agerraldian adierazi zuten atzo, ofizialki, datorren urteko kantonamenduetarako bozetan Euskal Herria Bai koalizioa izango dela. Ekaineko esperientzia positiboari jarraiki, eta Ipar Euskal Herriko herritar gehienek Euskal Herriaren aldeko atxikimendua agertzen dutela uste dutenez, alternatiba abertzalea eta aurrerakoia izan nahi dute. Hala, koalizioaren bidez, herritarrei Euskal Herriaren ezagupenari buruzko «mezu baikorra eta indartsua» luzatzen zaiela uste dute alderdiok, eta aldi berean, «herri honen nazio izaera eta bide demokratiko eta politikoen bidez euskal herritarrek beren geroaz erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu».
Beraz, hautagaitzaren zentzua hiru ideia nagusitan oinarritzen dela azaldu zuten: «Abertzale gisa, Euskal Herriaren ezaguera» sustatzea eta Ipar Euskal Herriarentzat «eskumen zabaleko koadro instituzionala» aldarrikatzea; ordezkaritza aurrerakoi gisa, «hemengo biztanleek gidaturiko garapen jasangarria» defendatzea bizi baldintza duinen alde egitearekin batera; eta azkenik, «egiazko demokrazia parte hartzailea» sustatzea.
Bilkurak han eta hemen
Atal honetan, bertako klase politikoaren «klientelismoa» arbuiatu zuten, euskal departamentuaren aldarrikapenarekin bat egin eta 2x2 erako «proiektuak indarrez pasarazteko metodoak» gaitzetsi zituzten.
Izan ere, «politika egiteko bestelako manera bat» aldarrikatzen baitu Euskal Herria Bai koalizioak; hala nola, herri mugi- menduko taldeen, sindikatuen eta elkarteen parte hartzea oinarri izango duen politika. Bide horretan, eta Euskal Herria Bai koalizioaren asmoak eta ideiak kantonamenduz kantonamendu aurkezteko helburuarekin, datozen asteotan ondoko udalerrietan bilkurak egingo dituzte: datorren ostiralean, hilak 16, 20.30ean Mauleko zerbitzu gunean; 19.00etan Hiriburuko Mugerre elizaberrin; eta Bidaxunen, 20.00etan, Bardoze zinema gelan.
Azaroaren 19an, Uztaritzen egingo dute bilkura 19.00etan. Hilaren 22an, Hendaiako Urruña biltokian 20.00etan; 24an, Baigorrin, 20.30ean; eta hilaren 30ean, Amikuzen, 20.30ean.