GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oianguko aisialdi guneko lanak hasi eta herritarren protestak ugaritu

Ordiziako Udalak ez du etsi, eta herritarrak Oianguko parkean aisialdi gune bat eraikitzeko asmoaren aurka agertu badira ere, lanak abian jartzeko lizentzia eman du. Herritarrak ere ez dute amore eman nahi eta orain arte bezala protestan jarraitzeko asmoa dute, bai behintzat Udalak lanak gelditu eta kontsulta egin arte.

p017_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Tristetu eta haserretu egiten ditu herrian zuten nekazal parke publiko bakarrean lanean hasi direla ikusteak, are gehiago, Udalak lanak geldituko zituela esan eta ezertxo ere egiten ez duela ikusita. Ez da kontu berria, bi urte eta erdi pasatxo daramatzate Ordiziako hainbat bizilagunek, Oianguko parkean golf zelaia, paintball gunea... dituen aisialdiko gunea egin ez dezaten protestan. Baina azken bolada honetan lanen abiadura azkartu egin da, eta neurri berean ugaritu dira protestak ere.

Maiatzeko hauteskundeen aurretik onartu zuen Udalak, golf zelaia egin ahal izateko premiazko Plan Berezia. Esanguratsua izan zen pausoa, batez ere, onartu zuten egun horretan bertan hainbat ordiziar udaletxera joan baitziren 1.400 sinadura baino gehiagok sostengatutako herri galdeketa bat egiteko proposamena eskuan hartuta.

Udal berriaren osaketak eta udako oporraldiak berak proiektua geldiarazi zuen halabeharrez; baina bueltan agian indarberrituta etorri da aisialdi gunearen martxa. Irailaren 18an Oiangu Publikoa eta Bizirik plataforma zur eta lur geratu zen Udalak Ikema enpresari praktika zelaia eta kirol klubeko egoitza eraikitzeko lanen lizentzia eman ziola jakin zuenean. «Harritu eta haserretu egin ginen, batez ere, urrian genuelako Udaleko Hirigintza batzordearekin bilera hitzartuta», adierazi du plataformako kide Edurne Huesak. Hain justu ere, bileran obren moratoria, herri kontsultaren prestaketa eta parkearen balio natural eta kulturalen inguruko azterketaren beharra planteatzeko asmoa zuten.

Jada, bi helegite ditu proiektu honek. Kontzesioaren gainean jarritakoa da lehena. Irregulartasunak eta legaltasun ezak atzeman zituzten plataformako kideek, eta Arartekoak berak ere kontzesioa baliogabetzea gomendatu zuen. Udalak, ordea, aurrera egin du bere asmoekin. Bigarren helegitea, orain gutxi jarri zaio proiektuari, hain justu, maiatzean onartu zen Plan Bereziari, «honek bete beharreko baldintza asko betetzen ez dituelako». Horregatik, are eta gutxiago ulertzen dute Udalaren jarrera. «Bi epai prozesu abian egonik ere, epaileak badaezpadako neurriak eskatzen ez baditu, has daitezke lanean, baina legezkoa izan arren, ez zaigu batere etikoa iruditzen», adierazi du Huesak. Izan ere, honakoa galdetzen dute: ea zer gertatuko litzatekeen epaileek arrazoia emango baliete. «Nork konpondu beharko luke egindakoa?»

Beren harridura handiagoa izan zen langileek abiatutako lanak ikusteko aukera izan zutenean. Izatez, Udalak enpresari emandako lizentzian zero kotarekin eraikitzeko baimena ematen da, hau da, lanean hasi bai, baina ez zuten altxatzerik. Hala eta guztiz ere, «dagoeneko hiru metro inguruko paretak» altxatu dituzte. Hori ikusita, bertaratutako herritarrek udaletxera dei egin zuten, etorri eta lanak gelditu zitzaten eskatzeko, baina ez zen horrelakorik gertatu. «Honen aurrean, lanak gelditzea eskatzen dugu, enpresari espediente bat zabaltzea eta orain arte eraiki dutena botatzea, eta noski lanak behin betiko gelditzea, herri kontsulta egin bitartean», adierazi du.

«Legearen zirrikituen bila»

Irregulartasun eta iruzur asko topatu dituzten bide honetan. Plan Berezia onartzeko, adibidez, Lakuatik txostena jaso zuten, eta bertan esaten zen beharrezkoa zela ingurune inpaktuaren azterketa, golf zelaia eraikitzen hasteko, baina nonbait praktika zelaia egiteko ez dela beharrezkoa esan dute eta horri probetxua atera diote.

Gomendioak eginda ere alferrik da nonbait. «Bertan zeuden zuhaitzak ahalik eta gehien errespetatzeko eskatu zien Lakuak txostenean, baina ez dute ezertxo ere kontuan izan. Esaterako, herriko erdigunetik birlandatuta zeuden 40 sagarrondo moztu dituzte», kexatu da Huesa.

Borroka honetan jokoan dagoena Ordiziako bizilagunek aisialdi gune publiko bat izatea eta hau babestea da. Zati handi bat itxita geratuko da, eta ordaindu gabe ezingo da inguruaz gozatu; eta Oiangu, hain justu, ikasle askoren txango inguru eta familia askoren aisialdirako gunea da. «Ez zaigu ukatuko parkean sartzea, baina zenbait alderditan ordaindu egin beharko da, eta zer eta gutxi batzuk disfruta dezaten», esan du.

«Auziari konponbide demokratikoa emateko kontsulta egin behar dute»

Ordiziako EAE-ANVk Udala eta Ikena enpresa ordiziarren interesen aurka ari direla salatu du. Lehenari dagokionez, EAJko, EAko eta PSEko zinegotziei egotzi die herritarren borondatearen aurka jo eta proiektua inposatzea. «Hitz egiteko prest omen daude, baina bitartean obrak aurrera jarraitzen dute. Hori al da EAJk eta EAk gatazkak elkarrizketa eta kontsultaren bidez konpontzeko duten asmoa?», galdegin du, eta Udalak egindako irregulartasun mordoa kritikatu ditu.

Ikena enpresaren jarduna ere ez du begi onez ikusten. «Enpresa interes ekonomikoak zilegi izan daitezke, baina ez agintari batzuen utzikeria eta ustelkeria baliatuz interes kolektiboen gainetik jartzen direnean». Auziak konponbide erraza eta demokratikoa duela uste du: «Obrak gelditu eta kontsulta egitea». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo