«Bidaiek nekatu egiten naute baina nik kantatzen jarraitu nahi dut»
Cabo Verdeko kantaria
Afrikako Cabo Verde irla txikian sortutako emakumerik ospetsuena dugu Cesarea Evora, munduan zehar kantuaren bitartez bere herriak duen ordezkaririk estimatuena. Hirurogeita hamar urteak gero eta hurbilago dituen arren, amona Cesareak maite du oinutsik kantatzea eta «Rogamar» plazaratu berri du (RCA, 2007). Gaur, Tolosako Leidor antzokian abestuko du.
Anartz BILBAO | BILBO
Aurtengo udaberrian, Marizak eta Rodrigo Leao & Ludovico Einadik Mundua Tolosan jaialdia jarri zuten abian. Orain, neguaren iluntasunean, jaialdiak bere bigarren txanpa ezagutuko du, gaur gauean hasi, eta abenduaren 15a bitarte izango diren hiru kontzertuekin.
Gaur, gaueko bederatzietan, Cesarea Evora caboverdetar emakume sendoaren oinazpi zailduek zapalduko dute Leidor antzokiko oholtza. «Rogamar» da amona irribartsuaren ahots sendoak dakarren azken doinua. Mundu mailako izar, lau milioi diskotik gora saldu eta bost Grammy izendatze jaso ditu 1941eko abuztuaren 27an Mindelon jaiotako emakumeak.
Datorren ostiralean, azaroaren 23an, Carlos Nuñez galiziako gaita jolea arituko da, Alos laukotearen laguntzarekin, «Cinema do Mar» aurkezteko asmoz, eta gabonak hurbil direnean, abenduaren 15ean, Black Heritage Singers taldearen gospel kontzertuak itxiko du, aurtengoz, Mundua Tolosan.
Zuzeneko hauek aitzakia hartuta eta antolatzaileen laguntza aipagarriaren bidez, Cesarea Evorarengana jo du GARAK, «Rogamar» ederraren eta Afrikako Cabo Verde irla txikiko musika ezagutu nahian.
«Rogamar» lana plazaratu berri duzu. Zer dakar diskoak?
Cabo Verdeko musika tradizionala dugu bertan, morna eta coladeira, kantu sortu berriekin eta beste zenbait eragin afrikarrekin. Kezkatzen gaituenari buruz kantatzen dut, maitasunaz, politikaz, emigrazioaz, geure sostengu den eta banatzen gaituen itsasoaz, e. a. Bestalde, «Rogamar» izenburua hitz jokoa da: rogar eta mar hitzak uztartzen ditu.
Morna aipatu duzu, Cabo Verdeko doinua omen dena. Nola defini zenezake?
Brasilgo modinharekin eta Portugalgo fadoarekin du harremana, baina Cabo Verdeko musika dugu, bai. Erritmikoa eta hunkigarria da, eta horren bitartez azaldu ohi ditugu geure sentimenduak.
Crioulo hizkuntzan abesten duzu. Zein da portugesarekin duen ezberdintasuna?
Badu portugesaren eragina, baina baita kolonizazioaren aurretik geurean hitz egiten ziren hizkuntzena ere. Dialekto ezberdin samarra da, beraz. Neure hizkuntza dut.
Artista handiekin kantatu izan duzu, Pedro Guerra, Caetano Veloso, Chucho Valdés... Aukeratzerik bazenu, norekin lan egingo zenuke gustura?
Artista asko dira gustuko ditudanak, musika mota ezberdinetakoak. Askorekin abestuko nuke gustura, baina ez dut egitasmo edo ametsik. Zer gertatuko zain nago.
Bost hamarkada inguru daramatzazu kantari, eta horretan darraizu.
Hastapenak ez ziren errazak izan. Cabo Verden bizimodua zaila zen orduan, eta urteetan txanpon batzuen truke kantatu nuen. Gero, nigan arreta jarri zuten, Parisen disko bat grabatu nuen eta dena aldatu egin zen niretzat. Nik gustuko dut kantatzea eta horretan darrait. Bidaiek nekatzen naute, baina nik kantatzen jarraitu nahi dut.
Nolakoa da Cesarea Evoraren eguneroko bizitza?
Lagunez eta familiaz inguratua nago. Atsegin dut ilobekin etxean egotea, beraiek eskatutakoa sukaldatzea. Nire etxea beti dago zabalik etorri nahi duenarentzat, ondorioz, beti dut bisitaren bat.
Lan berrian emakume afrikarrari kantatzen diozu.
Afrikako emakumearen bizitza gogorra da oso, eta bere eginkizuna ezinbestekoa. Nik mundu osoko emakumeak omentzen ditut, eta bereziki Afrikakoak, haiek eusten diotelako tinko bertako bizitzari.
Musikak bizi du Afrika?
Presentzia garrantzitsua du musikak gizartean. Baina Afrikak benetan aurrera egin dezan behar duguna haurrentzako hezkuntza da, eta horretarako lehenengo gosearen arazoa konpondu beharra dugu.
Afrikako musikari handiak ezagutu ditugu azkenaldion, baina ez dute erraz Europan zuzenean jotzea.
Komunikazio edo harreman handia dugu gai batzuetarako eta urria beste batzuetarako.
Bada harremanik zuen artean?
Musikari interesgarri ugari da Afrikan, bai. Nazioarteko jaialdietan elkartu ohi gara, eta zenbaitetan elkarrekin abesteko aukera dugu. Musika afrikarraren nazioarteko zabalkundea aurrera doa eta hori da inportantea.
Gaur Tolosan joko duzu. Ezagutzen duzu Euskal Herria?
Egona naiz Euskal Herrian. Jendea oso atsegina da nirekin eta eman didate herriaren berri, baina inoiz ez dut izaten bisitatzen ditudan tokiak sakonean ezagutzeko astirik. Espero dut gehiagotan bueltatzea.