Euskararen Erakunde Publikoaren «iruzur eta itxurakeria» salatu du EHEk
Egunotan Euskal Herrian Euskaraz taldea Ezabaketa Astearen inguruan hainbat ekimen aurrera eramaten ari da. Larunbatean Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzaren parean bildu zen, Brisson buru duen erakundearen «iruzurra eta itxurakeria» salatzeko.
GARA |
Jadanik hiru urte joan dira Estatu frantsesak euskara babesteko eta sustatzeko helburuarekin Euskaren Erakunde Publikoa sortu zuenetik, baina oraindik ez du aurrerapausorik eman. EHEk argi dauka haren sorrera «Frantziako estatu gizonen hipokresiaren isla» izan dela, eta Max Brissonek zuzentzen duen erakundeak «hizkuntza politika martxan jartzeko borondate politikorik ez izatea» gaitzetsi du.
Egoera salatzeko asmoz, joan den larunbatean euskararen aldeko taldea EEPk Baionan duen egoitzaren aurrean bildu zen, erakunde publikoaren «iruzurra eta itxurakeria» gogor salatzeko. Taldeko kideek egoitzaren parean dagoen itzulgunean Brissonen karikatura ipini zuten. EEPko zuzendaria pailazo bezala irudikatu zuten, eskuetan puxikak zituela. Era horretan, politikari horrek une honetan bere burua euskaltzaletzat jotzea gaitzetsi nahi izan zuten. Gainera, egoitza dagoen kaleko hiri-altzarietan erdaraz bakarrik idatzita dauden argibideen gainean «euskaraz» zioten pegatinak ipini zituzten. Egunotan talde euskaltzalea egiten ari den Ezabaketa Astearen ekimenen inguruan kokatzen da protesta.
Ofizialtasuna
EHEk Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskara ofiziala izateko eskubidea aldarrikatu zuen. Horren harira, Euska- raren Erakunde Publikoa «hizkuntza bermatzeko oinarrizkoa den elementua, hau da, ofizialtasuna onartu gabe» sortu izana salatu du, eta Brisson «iruzurraren ikurra» dela azaldu zuen.
Euskaldunen eskubideen alde aritzen den taldeak gaineratu zuen indarrean dagoen esparru politikoak «euskarak bizi duen zapalketa egoera ahalbidetu eta areagotu» egiten duela. «Esparru politikoak Euskal Herria hainbat errealitatetan banatzen du, puzzle baten antzera. Horrela, legedi eta araudi ezberdinak aplikatzean euskara heriotz zigorrera kondenatzen du», adierazi zuen EHEk.
«Egoera horren aurrean, hizkuntzaren galera prozesuaren aurrean ezin dugu geldirik egon, eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeari ekin behar diogu», nabarmendu zuen.
Ezabaketa Astearen karietara hainbat ekimen burutzen ari da EHE. Pasa den larunbatean EEPren egoitzaren aurrean bildu ziren eta Max Brissonen karikatura agertarazi zuten.