GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kooperazio identitario eta linguistikoa du abiapuntu Garabide elkarte berriak

Euskalgintza abiapuntu hartuta, Euskal Herritik mundura egin nahi du lan Garabide elkarteak, «garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin bideratu nahi dugu lankidetza».

p017_f02_097x076.jpg

Kepa PETRALANDA | BILBO

Orain arte, Euskal Herritik eginiko kooperazioa laguntza asistentziala izan da gehienbat, hau da, norabide bakarrekoa, Euskal Herritik ekonomikoki behartsuak diren herrietara.

Aldiz, Euskal Herriak badu esperientzia propio eta sakona, euskalgintzari lotutakoa hain zuzen, eta horretaz baliatu dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (Huhezi), Mundukide, bertako ikastolak eta Arrasateko mugimendu kooperatibistak Garabide sortzeko; garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin bideratu nahi dute lankidetza, «gure esperientzia oso aberasgarria izan litekeelako herri horientzat» esan zuten atzo.

Urko Kolomo, programaren koordinatzaileak eta Andoni Mujikak hitz egin zuten atzo Euskaltzaindiako egoitzan Garabide elkartearen izenean, eta horiekin batera, Sonia Salomer Raimundo guatemaldarra eta Caridad Riloka, Gineako Bioko irlan bizi den bubi komunitatearen ordezkaria izan ziren. Kolomok esan zuenez, «garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin bideratu nahi du lankidetza» Garabide elkarteak.

Honakoak dira Garabidek dituen helburuak: garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, «euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta»; norabide horretan munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza propiektuak garatzea; eta euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.

Horrez gain, atzoko agerraldian lan ildoak aurkeztu zituzten; formazio eta kapazitazio proiektuak; esperientzien truke-programak; aholkularitza proiektuak; eta tutorizazio proiektuak.

Programa zabala

Joan zen astelehenetik Hizkuntza eta Herrien arteko I. Truke izeneko programa gauzatzen ari da, eta hilaren 30era arte Hegoaldeko hizkuntza komunitate indigenetako bederatzi kide gurean egongo dira. Euskalgintzaren esperientzia zuzenean ikusteko aukera izango dute eta horretarako bisita programa zabala antolatu du Garabidek.

Sonia Raymundoren esanetan, «22 hizkuntza maia ditugu gurean eta baita kitxea eta gaztelera ere. Orain arte Euskal Herrian ikusitakoaren arabera, aurrerapauso berdintsuak ikusi ditugu, baina gure hizkuntza prozesuen ahultasunaz ere jabetu gara». Raymundo euskararen indartze eta batasun prozesuak ezagutzeko gogoz etorri da.

Egun Madrilen bizi den Caridad Riloka ezustean harrapatu du Euskal Herriko errealitateak, «batez ere, euskara eta euskal nortasunaren indarra. Egun gutxi pasatu dira, baina militantziaren kontzeptua errealitate politikoa baino askoz urrunago heltzen dela konturatu naiz, hemen militantzia beste eremuetan ere erabiltzen da, eta hori deskubritzea espero dut». Bubi etniako partaidea den emakume honek bizitzeko eta irauteko euskarak egiten duen «borroka» nabarmendu zuen.

Atzo Euskaltzaindiaren egoitza ezagutu eta gero, gaur formazio saioa egingo dute; asteburuan Ipar Euskal Herriko errealitatea ezagutuko dute; Huhezi, Ikastolen Federazioa, UEU, AEK, Elhuyar, Irulegi irratia, EiTB, Goiena, Topagunea, eta Betsozale Elkartea ere ezagutuko dituzte, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo