GARA > Idatzia > Gaurkoa

TASIO ERKIZIA ABERTZALEKO MILITANTEA

Santi eta Josu: duintasunaren aurpegiak

Azaroaren 20a abertzaleontzat aspaldidanik da data berezia. Oroimen asko dakarzkigu burura. Sentipen eta bizipen oso nahasiak datozkigu. Hasieran, poztasuna Franco hil zelako. Alegia, herri honi hainbeste sufrimendu eragin zizkion gizona desagertu zelako. Gerora, beldurra faxisten jomuga bihurtu garelako, eta aldi berean kezka, frankismoak bizi-bizirik dirauela dakusagulako.

Oroitzapenetik eta sentimendutik at, data honek 2007ko talaiatik hausnarketa eta azterketa politiko berezia merezi duela deritzot. Aurtengo data ematen den testuinguruagatik, inoiz baino seinalatuagoa eta inoiz baino adierazgarriagoa iruditzen baitzait.

PSOE 1982. urteko urrian heldu zen Espainiako Gobernua hartzera. Eta militar zein enpresaburuen agindu oso zehatza zeukan: krisi ekonomikoa gainditu eta beraiek deitzen duten «euskal arazoa» bideratzekoa. Lehen gaiari heltzeko berehala lortu zuten sindikatu gehienen onespena eta laguntza. Dirulaguntza eta kudeaketa esparru batzuen truke, estatu mailako sindikatu esanguratsuenek ahantzi zuten beraien klase izaera eta Gobernuaren zein Estatuaren esanetara makurtu ziren.

«Euskal arazoa» deitutakoari dagokionez, berriz, PNV eta ustezko ezkerzale ziren alderdi gehienek, EE edo PCE esaterako, praktikan berehala onartu zuten «sasi-trantsizioa» eta haren mugak zehazten zituen Espainiako Konstituzioa. Baina ezker abertzalea falta zitzaien. Nolabait sisteman integratu behar gintuzten. Horretarako saiakera asko egin zituzten. Behin eta berriro azenarioa eta makilaren politika erabili zuten.

Hala, egun batean Madrilen Frantziako enbaxadore Guidoni jaunak dei bat egin zuen elkarrizketa batera gonbidatzeko. Santi eta beste ordezkari bat egon ziren bilera hartan eta oso garbi azaldu zioten zein zen gure proposamena: trantsizioak ukatu zizkigun minimo demokratikoak onartzea, funtsean Euskal Herria subjektu politikoa dela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzea.

Guidoni jaunaren helburua ezker abertzaleak burua zeren truke makurtu zezakeen jakitea zen, eta erantzun zuzena jaso zuen Santiren ahotik: «duintasuna ez dago salgai, herri honi eskubide demokratikoak onartzean datza bakearen eta normaltasunaren giltza». Hilabete batzuetara bi tiroz erail zuten haur bat sendatzen ari zen bitartean. Duintasuna kolpatu nahi zuten.

1989ko azaroaren 20an, Herri Batasuneko diputatu eta senatariak Madrilera joan ziren beren agiriak jasotzera. Hilabete batzuk lehenago Aljeriako elkarrizketak hautsiak ziren eta ezker abertzalea mugimenduak egiten ari zen fase berria zabaltzeko bidean, eta horretarako hara joan zirenak funtzio berezia zuten. Denak tirokatu zituzten eta Josu Muguruza bertan zerraldo gelditu zen; Iñaki Esnaola ere larriki zauritu zuten. Berriro ere herri honen mezulariak tiroz isildu zituzten. Ate berriak zabaltzeko unean, Estatu espainolak sarraila ikaragarriaz zirrikitu guztiak itxi nahi izan zituen. Ez zuten elkarrizketarik nahi, indarrez zanpatu nahi zituzten jarrera «koherenteak». Duintasuna oztopoa zen.

2004tik 2007ra bitartean elkarrizketa prozesua zabalik egon da. Ilusioa eta esperantza handia sortu duen ustezko negoziazio prozesua bizi izan dugu. Baina berriro ere bai PSOEk, bai PNVk huts egin dute. Jakin badakite demokrata batentzat ezker abertzaleak mahaiaren gainean jarri zuen proposamena guztiz onargarria eta defendagarria zela, baina Francoren garaian antolatu zen estatu estruktura muturreraino zentralistaren aurrean ez dira ausartzen urratsak ematera. Frankismoaren estatu eredua ukiezintzat ematen dute zenbait botere militar, polizial eta judizialek eta horren aurrean politikoek burua makurtzen dute.

Lehen trantsizioan lortu ez zutena oraingoan erdiestea pentsatzen zuten. Ezker abertzalea ilegalizaturik, hainbat epaiketaren bidean eta errepresio bortitzaren atakan aurkitzen denez, ziur zeuden «sasi-irtenbideren» bat onartuko zuela. Baina duintasunarekin topo egin dute. Malguak bai, baina herriaren eskubideen defentsari tinko eta irmo eutsi diote.

Elkarrizketa mahaia apurtu ondoren, PSOEk esan zien: «larrutik ordainduko duzue». Eta erantzuna, aurrekoaren kopia, betiko bidea: zuzendari politikoak kartzelatu (bigarren aldiz Mahai Nazionala), sententzia judizialak gogortu, gazteen aurkako sarekada eskandalagarriak bultzatu, proiektu abertzale guztiak susmagarri bihurtu, boterea kritikatzen ausartzen den edonor kriminalizatu. Duintasuna zigortu.

Egoera honetan Josu eta Santiren irudiak inoiz baino erreferenteago bihurtzen zaizkigu, mehatxatuta sentitu arren belaunikatzen ez diren guztien eredu, duintasunaren aurpegiak. Beraiek dira atzo eta gaurko gudarien ispilu, gaurko eta biharko gizon-emakume askoren eredu. Agur eta ohore gudariak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo