Brouardi eta Muguruzari omenaldia egingo diete gaur Bilbon
GARA |
Gaur Santi Brouard legebiltzarkidearen eta Josu Muguruza Madrilgo Kongresuko diputatu abertzalearen erahilketaren urteurrena bete da; hori dela eta, ezker abertzaleak ekitaldiak antolatu ditu. 11:00etan Bilboko Errekalde plazan Josu Muguruzaren monolitoan lore eskaintza izango da, eta 12:00etan, berriz, Amezola plazan Brouarden oroimenez dagoen monolitora eramango dituzte loreak. Arratsaldean, 20:00etan ezker abertzaleak ekitaldi politikoa egingo du Bilboko Esperantza pilotalekuan.
Era berean, ezker abertzaleak nabarmendu nahi izan du, aurten omenaldi horiek testuinguru berezi batean egingo direla. «Konponbide demokratikoari ezetza eman ondoren, PSOE eta EAJ ezker abertzalearen aurka oldartu dira eta proiektu politiko guztiak bideragarri egingo lituzkeen eszenatokia alboratu dute. Ondorioz, errepresio gogorra zabaldu dute militante independentisten aurka; Batasuneko mahaikideen kartzelatzea, edo gazteriaren aurka zabaldutako iruzur polizialak honen adibide dira», salatu du ezker abertzaleak komunikabideei bidalitako ohar batean.
Horren ildotik, talde independentistak berretsi du «independentzia eta sozialismoa herri honen askatasuna bermatzen duten proiektu politiko bakarra» direla, eta «etorkizun hurbilari begira, euskal gizarteak aldarrikatzen duen aldaketa politikoaren definizioa ezartzeko ordua heltzen ari denean, PSOEk eta EAJk nahi horri bizkarra ematea» gaitzetsi du.
Historiak irakatsi
Horrela, taldeak nabarmendu du oraingoak ezker abertzalearentzat «garai gogorrak» direla, baina oroitarazi du historiak behin eta berriz «irakatsi» duela errepresio dinamikek ez dutela «independentziaren aldeko proiektu politikoa» gelditu. Ezker abertzaleak Estatu espainolak «independentziaren aldarri demokratikoaren aurrean, gerra apustuekin» erantzutea gaitzetsi du.