Emakumezkoak
ASB Baionako neskek erraz irabazten jarraitzen dute
Lapurtarrek Limoges taldea izan zuten aurrez aurre Jean Dauguer zelaian, baina ez zuten gupidarik izan, eta azkenerako 75-0 irabazi zieten. Hamahiru entsegu eta bost entsegu bihurtze egin zituzten
Jon LEUNDA | BAIONA
ASB Baionako nesken taldeak ez du oraino bere mailako aurkaririk Lehen Mailan. Hirugarren multzoan daude, eta jokatutako partidak irabazteaz gain, aurkariei ikaragarrizko astinduak ematen zaizkie. Azkenekoa Limoges izan da. Frantziarrek 75-0 galdu zuten Baionan.
Izan ere, baionarrek Frantziako Ligako talderik onenetakoa dute, nahiz eta ezin izan duten aurten Top 8a jokatu. Aurkariek beraiek baino askoz maila apalagoa dute, eta hori partidaz partida ikusten da.
Limogesen aurkako norgehiagoka ere horrelakoxea izan zen, baloia beti euskaldunen eskuetan ibili baitzen. Baionarrek ez zuten puntu bakar bat jaso, eta erasora egiten zutenean, entsegua gertu izaten zen. Azkenerako hamahiru entsegu, eta bost entsegu bihurtze gauzatzea lortu zuten..
Liga Federala
Liga Federalean, Maulek egindako lana aipatu beharra dago. Zuberotarrak iaz doi-doi geratu ziren maila honetan, baina aurten denboraldi hasiera bikaina izan dute. Azkeneko partida herenegun jokatu zuten Ortesen, eta zuri-gorriek 23 eta 24 irabazi zuten. Partida zaila izan zen, eta asko kostatako garaipena izan baldin bazen ere, azkenean puntuek Zuberoarako bidea hartu zuten, eta horixe zen kontua. Bi entsegu egin zituen Maulek, Arbues eta Gestas izan ziren egileak. Bouillonek lau zigor kolpe eta entsegu bihurtze bat gauzatu zituen.
Donibane Lohizunek ere irabazi egin zuen, eta ez zuen izan, gainera, aparteko arazorik Morlaas mendean hartu, eta 44-26ko emaitzarekin garaipena lortu ahal izateko. Berde-gorriek, bost entsegu egin zituzten, Pardon (2), Zubizarreta, Roige eta Izquierdo izan ziren egileak. Elizondok, berriz, bost entsegu bihurtze eta hiru zigor kolpe gauzatu zituen.
Emaitzarik kaskarrena, Nafarroak izan zuen, sekulako astindua hartu baitzuen Perigueuxera egin zuen bidaian. Hori-gorriek, 64 eta 6 galdu zuten. Zelanek egin zituen Nafarroa Beherekoen puntuak bi zigor kolpe gauzatuta. Izandako emaitza eta partida ikusi ostean, eta orain arte egindakoa kontuan hartuta, nafarrek asko hobetu beharko dute datorren denboraldian maila honetan jarraitu nahi baldin badute.
Sailkapenari begira jarrita, seigarren multzoan, lehen eta azken postuan dira euskal taldeak. Donibane Lohizune lehenengoa da, 18 punturekin, eta Nafarroa, aldiz, azken sailkatua 4 punturekin. Bosgarren multzoan ari da Maule, hirugarren postuan da 13 punturekin. Maulekoak zer lan egiten ari diren ikusita, Zuberoan bigarren fasea ere joka dezaketela pentsatzen hasiak dira.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailakoentzat oso ona izan da asteburu hau, izan ere, bertan dauden hiru euskal taldeek irabazi egin dituzte asteon jokatu dituzten norgehiagokak. Gernikak, sekulako astindua eman zion Vigori, eta 22-38 irabazi zuen. Puntu gehigarria ere lortu zuen, eta sailkapen nagusiko bigarren postuan kokatzea lortu du, Ohorezko Mailara igotzeko igoera fasea jokatzeko postuan, alegia.
Hortik oso gertu jarri da Hernani taldea ere. Aurkari zuzena da Cisneros, eta talde madrildarrari ozta-ozta izan bazen ere, irabazi egin zioten 15 eta 13.
Durango ere ez dabil gaizki, eta bizkaitarrak lehen postuetara gerturatzen hasi dira. Azkeneko jardunaldian Oviedori 50 eta 3 irabazita. Bizkaitarrek erasoan egindako puntu gehigarria ere eskuratu ahal izan zuten.
Zuberoako taldea lan bikaina egiten ari da denboraldi hasiera honetan. Iaz Lehen mailari doi-doi eutsi zion, baina aurten hirugarren postuan da dagoeneko. Liga luzea da, eta helburua iazko bera izango da.
Nafarroa Behereko taldea oso gaizki hasi da, eta orain arte nahiko itxura kaskarra eman du. Iaz nahiko denboraldi txukuna egin zuen, baina aurten dauden lekuan jarraitu nahi badute, hobetu beharra daukate.