GARA > Idatzia > Kultura

Woody Allen-en biografia «freskoa» idatzi du Koldo Goitiak

Woody Allenen oinarrizko biografia bat, «Bizitza kontrako eztarritik» izenburukoa, idatzi du Koldo Goitiak. Irakurterraza da, bitxikeriaz beteta dago eta umore punturik ere ez du falta. Horiek dira, aita pontekoarenak egin zituen Harkaitz Canoren ustez, liburuaren bertuteak.

p049_f01_148x096.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Bizitza kontrako eztarritik» idazteko iturri batetik eta bestetik edan behar izan du Koldo Goitia kazetari beasaindarrak, jakina; baina, atzo nabarmendu zuenez, «ohiko errefritoa baino zerbait gehiago» egiten ere saiatu da, «irakurtzeko atsegina eta umore puntu batekin».

Lortu egin du, Harkaitz Canoren iritziz, behintzat. Lasartearrak atzo esan zuenez, «Woody Allenek bere bizitza fikzioan urtu eta ia-ia urtero egiten dituen filmen bidez, dosi homeopatikoetan eman digu. Bada, liburua ia film horien trailer pilaketa antzeko bat da, horregatik irakurtzen da hain gustura, horrek egiten du dibertigarri».

Trailer pilaketa

Allenek hainbeste nahastu ditu bizitza eta zinema ezen filmetan islatuta ez dauden bere biografiako hainbat pasarte lasai asko filmetakoak izan zitezkeen, eta alderantziz. «Pariseko hotel batean Nixonen bizkartzainekin izan zuen iskanbila edo Smirnoff vodkaren publizitatea egin zuenekoa Allenen bizitzako pasadizoak dira, nahiz eta bere filmetatik ateratakoak diruditen; horregatik ere irakurtzen da liburua irria ezpainetatik kendu gabe», esan zuen Canok.

Halakoetan, kanpotik begiratzen duenari beti sortzen zaio duda bera: non bukatzen da pertsona eta non hasten pertsonaia. Goitiak ez daki zehatz-mehatz, noski, baina badu iritzirik: «Mundu korapilatsu honen aurrean, bakoitzak bere estrategia hartzen du, eta xelebreok txipiroiarena egiten dugu, alegia, gure xelebrekeriekin tinta botatzen dugu, arerioa nahastuta gera dadin». Errealitatea da Woody Allenen pertsonaia itxuraz kaotiko horren atzean «orden zorrotza» eta «diziplina prusiarra» dituen pertsona bat dagoela. Horren lekuko da bere obra oparoa.

Alleni buruzko biografia idatzi badu ere, Goitia ez da brooklyndarraren «fan amorratu horietako bat». Beasaindarraren iritziz, Allenen aurrean mundua bitan banatzen da, «oso debotoak, alde batean, eta, bestean, jasaten ez dutenak». Berak ez du bere burua ez batzuekin ez besteekin lerrotzen, baina, oro har, Allen gustuko duela aitortu zuen: «Gaur egun tipo batek barre eragitea ez da meritu makala, batez ere ukitzen dituen gaiak latzak eta are mingarriak ere direnean; ni, behintzat, haren filmak ikustera joan eta normalean gustura atera naiz».

Antxiñe Mendizabal Elkarreko argitaratzaileak esan zuenez, «Bizitza kontrako eztarritik»ek «modu arin eta freskoan» Woody Allen hobeto ezagutzeko aukera ematen du. «Allenen beraren liburua izan daitekeela uste dut», gehitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo