Bizi eskubidea jarrera politikoaren mende, Auzitegi Nazional espainolaren arabera
Gotzone Lopez de Luzuriagak hemezortzi urte eman ditu espetxean, Euskal Herritik oso urrun eta bizi-baldintza gogorrei aurre eginez. Joan den ekainean bularreko minbizia diagnostikatu zioten, baina Auzitegi Nazionaleko Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiak Kode Penaleko 92. artikulua aplikatzeari uko egin berri dio eta kartzelan jarraitu beharko du. Lopez de Luzuriagaren medikuaren eta Jaengo kartzelako zuzendariorde medikuaren diagnosiek argi agertzen dute euskal presoa etxeratzeko beharra gaixotasun larri horren kontrako tratamendu egokia jaso ahal izateko; erantzunak, aldiz, preso aguraindarraren egoerarekin, beraz, esandako artikuluarekin baino gehiago, bere jarrera politikoarekin du zerikusi handiagoa. Lopez de Luzuriagaren abokatuak eta medikuak adierazi dutenez, Auzitegi Nazionaleko Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiak dio euskal presoak askatasuna eskuratu ahal izateko, bere ideia politikoei uko egin behar diela.
Egunotan Angel Figeroaren egoera larria ere jakinarazi dute: Kode Penaleko 92. artikulua aplikatzea ukatu, eta gainera, Kordobara eraman berri dute.
Hamabi euskal presok bizi behar dute muturreko egoera horretan.
Azken urtean hizpide izan da jendartean kartzela zigorraren helburua. Eta kolokan jarri da orain mende bat baino gehiago kartzela zigorrari -ordain eta mendeku hutseko izaeraren ordez- eman zitzaion izaera hezitzaile eta gizarteratzailea. Euskal preso politikoen kasuan behinik behin, argia dirudi antzinako izaera mendekuzalea dagoela indarrean, erregimen eta sistema politikoen gainetik. Ezarri zizkieten zigorrak luzatu dituzten lege-interpretazio berrien ostean, zalantzarako tarte gutxi dago haiekin kartzelak betetzen duen funtzioaz, Kode Penala eta Espetxe Arautegiaren interpretazioa egoera politikoaren, eta beti ere, Estatuko sektore baten interesen araberakoa baita.
Bada, gainera, euskal presoen erabilera politikoa muturreraino eramateko joera, modu gordin eta euskal gizartearentzat mingarrian agerrarazten duen elementu bat, preso gaixoen trataera, hain zuzen. Izan ere, preso bati, ezarri zioten zigorra beteta, zigorra luzatzeak, mendeku funtzioa duela ondoriozta daiteke; eta funtzio hori berretsi eta okerragotu baino ez du egiten gaixotasun larria duen presoa kartzelan atxikitzeak, jarrera politikoa bizi eskubidearen gainetik jartzeak.