GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kultur fobiatik Euskal Herria euskalduntzera pasatu behar dela dio ezker abertzaleak

Ezker abertzalearen arabera, gaztelaniaren eta euskararen berdintasun formala ez da benetakoa; hortaz, ezinbestekoa da Euskararen Lege berria eratzea, euskara nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izateko.

p021_f02_148x104.jpg

Maider IANTZI |

Inaxio Agirre, Mikel Galartza eta Marije Fullaondo ezker abertzaleko ordezkariek printzipio unibertsal bat aldarrikatuz hasi zuten prentsaurrekoa atzo, Donos- tian: «Munduko herritarren, herrien eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasunaren printzipio unibertsalaren ondorioz, euskal herritarrok eskubidea dugu euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra izan dadin, Europako estatuen hogei hizkuntza ofizialek duten pareko ofizialtasunarekin».

Heldu den larunbatean beteko ditu hogeita bost urte Euskararen Legeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ezker abertzaleak testu horren balorazio eskasa egin zuen. «Konstituzio espainiarrak Hego Euskal Herrian gaztelania inposatu ondoren, EAJk eta PSOEk gaztelaniaren mendeko hizkuntza politika mugatzailea onartzea adostu zuten, euskara saldu zuten alderdi interesen truke, gaztelaniaren nagusitasuna bermatu zuen PSOEk», oroitarazi zuen..

Ostiralean, elkarretaratzea

Gainera, normalizazioa eta elebitasuna kontzeptuak sinonimo bihurtu nahi dituztela salatu zuten, horrela euskarari egindako saldukeria estaltzeko. Baina, berez, termino kontrajarriak direla ziurtatu zuten politikari abertzaleek, eta lege horrek euskararen garapen iraunkorra bermatzeko baliorik ez duela gehitu zuten.

Izan ere, beren ustez, euskarak gaur egun duen mendeko eredua gainditu, eta Euskal Herri osoan hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar du, Estatu frantsesaren eta espainiarraren injerentzia edo esku sartzea mugatuz. «Derrigorrezkoa da mendekotasunezko harremanak bukatzea, berdintasunezkoak eraikitzea eta hizkuntz komunitateen arteko elkartasunezko erlazioak bideratzea. Euskal Herria euskalduntzeko estatuen kultur fobiak bukatu egin behar du, gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat eskatzen dituzten bermeak ukatzen baitizkiote euskarari».

Euskal Herria euskalduntzea lortu eta munduaren kultur aniztasunari ekarpena egin nahi dioten herritarrei elkarretaratzeko deia egin zieten, ostiral eguerdian Gasteizko Legebiltzarraren aitzinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo