LAKUAKO HEZKUNTZA DEKRETUA
Miguel Sanzen Gobernuak Nafarroan «eskua sartzea» gaitzetsi du
Lakuaren oinarrizko hezkuntzari buruzko dekretua kritikatu du Miguel Sanzen Gobernuak; izan ere, Juan Jose Ibarretxeren Gobernu taldeak «bertze behin ere» Nafarroako «errealitatean eta nortasunean eskua sartu» duela pentsatzen baitu. Hori dela-eta, Alberto Catalan bozeramaileak azaldu zuenez, beharrezko lege ekintzak egiteko prest daude «Foru Erkidegoaren estatus politikoa, instituzionala eta soziala babesteko». «EAEko arduradunek dekretua baztertu edo aldatzen badute, anitzez hobeki, baina bertzela epaitegian ikusiko dugu elkar», ohartarazi zuen Catalanek, dekretuan, eta aurreko bertze dokumentu batzuetan (euskal curriculuma eta esparru hitzarmena), arrazoi nahikoa biltzen dela ziurtatu ondotik.