GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gora Iruñea taldeak egitarau herrikoia antolatu du San Saturnino egunerako

Gora Iruñea taldeak San Saturnino eguna iruindar guztien eguna izatea lortu nahi du. Horretarako, hiritarrei zuzenduriko egitarau herrikoia antolatuko du, euskara festaren osagai nagusia izango delarik.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

«Duela hainbat urte San Saturnino egunean Iruñeko bizilagun orok bazkari herrikoia egiten zuten Labrit frontoian. Denbora aurrera joan ahala, ohitura galduz joan da, eta orain Iruñeko eguna ekitaldi ofizialetan bakarrik ospatzen da. Horregatik, guk nolabait garai horietako xarma berreskuratu nahi dugu, eta horretarako aurten egitarau herrikoia antolatu dugu, San Saturnino eguna Iruñeko bizilagun guztiek ospatu dezaketen eguna izatea nahi dugulako», adierazi zuen atzo Gora Iruñea elkarteko eledun Dani Saralegik Iruñean eskainiko prentsaurrean. Era berean, Saralegik nabarmendu nahi izan zuen festaren egitarauan «euskara osagai nagusia» izango dela.

Elkarteko bozeramaileak argi utzi nahi izan zuen Iruñea ez duela bakarrik bere Udalak osatzen, eta bizilagunek ere San Saturnino eguna ospatzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen. «Egun Iruñearen egunean ekitaldi ofizialak bakarrik ospatzen dira: goizeko prozesioa eta meza, eta ondoren Udaleko alkatesak eta zinegotziek parte hartzen duten bazkaria. Guk, aldiz, Iruñean herri mugimenduak daukan garrantzia nabarmendu nahi dugu, eta horregatik San Saturnino eguna, auzokideak elkartzeko eta mugimendu herrikoia indartzeko eguna izatea lortzeko erronka dugu», adierazi zuen Gora Iruñea elkarteko eledunak.

Horren harira, Saralegik nabarmendu zuen era horretako ekitaldiak aurrera atera ahal izateko talde herrikoien eta Udalaren arteko elkarlana nahitaezkoa dela. «Iruñeko Udalak ulertu behar du herri mugimendua oso beharrezkoa dela, eta horregatik oso garrantzitsua da bien arteko elkarlana bermatzea». Taldeko bozeramaileak adierazi zuen aste honetan udal taldeekin bilerak egingo dituztela, San Saturnino egunerako prestatu duten egitarau nolakoa izango den jakin dezaten. Dena den, Peñen Federazioko eledun Endika Lascueyk nabarmendu zuen oraingoz Udalak ez duela festa ospatzeko «trabarik jarri».

Gora Iruñea saria

San Saturnino egunean ospatuko den ekitaldian ere sari banaleta izanen da. Saralegik azaldu zuenez, «Gora Iruñea saria, mugimendu herrikoiaren alde aritzen diren pertsonaei edo elkartei emango zaie, era horretan nolabaiteko onespen publikoa izan dezaten». Aurten, iazko eguberrietan auzoetako olentzeroen kalejirak antolatzeagatik isunak ipini zizkieten bizilagunek jasoko dute saria, «herri mugimenduaren islada» baitira.

Ekitaldiei dagokionez, 11:00etan Iruñeko auzoetan hamaiketakoa izanen da, eta 11:30ean Muthiko Alaiak peñako fanfarre eta dantza taldeak kalejira eginen du Alde Zaharreko kaleetan zehar.

Horren ostean, 14:30ean herri bazkaria izango da Jito Alaia pilotalekuko karpan, eta bazkalostean partaideek Iruñea Kantuz abesbatzarekin kantatzeko parada izanen dute. Eguna ederki amaitzeko, 17:30ean herri dantzaldia izanen da Gurekin taldearen eskutik.

Iruindar jantziak

Gora Iruñea taldeak bizilagun guztiak San Saturnino egunean ospatuko diren ekitaldietara iruindarrez jantzita joatera gonbidatu ditu, edo behintzat lepoan zapia eramatera animatu ditu.

bazkari herrikoia

San Saturnino eguneko ekitaldi nagusia 14:30ean Jito Alai pilotalekuko karpan antolatuko den bazkari herrikoia izango da. Txartelak 16 euro balioko du eta auzo elkarteetan eskuragai egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo