GARA > Idatzia > Kirolak

Urteko balantzea

Roland Garros da bere arantza bakarra

p042_f03_088x128.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Noizean behin Rafa Nadalek, David Nalbaldianek edo Fernando Gonzalezek lurtarra dela erakusten duten arren, Roger Federerrek beste planeta bateko tenislaria dirudi. Iragan asteburuan Shangaiko Mastersa irabazi zuen bere ibilbidean eta izena erabat aproposa dela esan daiteke, basileakoa maisua baita tenisean.

Partida bat galtzen duen bakoitzean, oso noizean behin, berehala irteten dira bere gainbeheraren hasiera igartzen duten adituak, baina oraingoz suitzarrak beti eman die erantzuna zalantza horiei; ez da alferrik ATP sailkapenean lehenengoa 2004ko otsailaren 2tik.

Azken lau denboraldi hauek aztertzen hasita, 2007koa izan da bere palmaresean murritzena, hamaika eta hamabi titulu irabaztetik zortzi eskuratzera pasatu baita; baina horren arrazoia ez da porrot gehiago izan dituela, baizik eta txapelketak ondo aukeratu, eta gutxiagotan parte hartu duelako.

Lau Grand Slam eta bederatzi Master Seriez gain beste bi txapelketetan hartu du parte, Basileakoan eta Dubaikoan, bere bizilekuetan alegia. Gauzak horrela, hamabost txapelketetatik zortzi irabaztea ez da ez batere marka makala, batez ere, lau handienetatik hiru irabazi dituela kontuan hartuta. Beti bezala, Roland Garroseko hondarra da barruan daraman arantza. Bere ibilbidean Parisekoa da irabazi ezin izan duen lehia handi bakarra, eta horixe falta izan zaio aurten ere Grand Slama, hau da, denboraldiko lau txapelketa nagusiak irabazteko.

Rod Laver australiarra izan zen 1969. urtean hori egiteko gai izan zen azkena eta iaz bezala, Rafa Nadal jarri zaio parean.

Espainiarra da hondar gainean tenislari suitzarrari itzala egiteko gai den bakarra, eta gainazal horretan jokatzen den Hamburgoko finalean irabazi ostean, itxaropentsu joan zen Basileakoa Parisera, baina iazko finalean bezala, amore eman behar izan zuen. Australiako irekiko finalean Fernando Gonzalez txiletarra mendean hartu zuen hiru setetan. Wimbledonen, berriz, Rafa Nadalek ez zion lan handirik eman, eta Djokovic serbiarraren aurrean eskuratu zuen urteko hirugarren handia Estatu Batuetako Irekiko finalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo