GARA > Idatzia > Osasuna

Egoera kaskarra sailkapenean

Etenaldia aprobetxatu, eta boladatxarra behingoz eten

Asteburuan atseden hartu ondoren, Espanyolen aurkako partida prestatzen hasi ziren atzo gorritxoak

GARA | IRUÑEA

Ez da ohikoa futbolariek asteburuan jai edukitzea. Askotan, oporraldia baino, nahiago izaten dute dinamikarekin jarraitu sasoia eta erritmoa ez galtzeko.

Bestetan, atsedena gustura hartzen dute, indarrak berritu, ideiak argitu, presioa ahaztu eta, ahal dela, hori guztia aprobetxatu etenaldia inflexio-puntu bilakatzeko.

Oraingoan hala gerta dadila espero du Osasunak. Sailkapenaren behealdean izan da azkenaldian, eta bolada txarra amaitutzat eman nahiko lukete gorritxoek. Are gehiago, hurrengo partida Sadarren jokatuko dute, eta horretan, garaipenak izan behar du helburu bakar; batez ere, datozen asteetan izango duten egutegi gogorra kontuan hartuta. «Egoera arriskutsuan gaude -onartu zuen atzo Natxo Monrealek-. Loak hartzen bagaitu, gure gainetik pasatuko dira, eta galduz gero, maila galtzeko postuetan sartuko ginateke. Espanyolen aurkako partida oso garrantzitsua da».

Ez da erreza izango, Bartzelonako taldea nolako denboraldia egiten ari den ikusita. «Oso ondo ari dira, eta jokalariren batek esandakoa entzun dut, esanez, goian jarraitzeko irabazi nahi digutela. Baina geuk jokatuko dugu etxean, eta geuk daukagu puntu beharra. Igandean, beraz, aurkari sendoa eta gogorra izango dute aurrez aurre», abisatu zuen jokalari nafarrak.

Horretarako, azken asteotan erakutsi ez duena berreskuratu beharko du Osasunak, Sadar zelaiak gorritxoen bolada txarraren eragina ere jaso baitu. Taldeak, urriaren hamarrean lortu zuen azken garaipena etxean, Vila-realen aurka; eta ezin izan du, ondoren, Valladolid eta Getaferen aurka errepikatu.

Kapitulu berri eta guzti, desberdin idazteko asmoz itzuli zen Osasuna atzo lanera. Zoritxarrez, ez zuen albiste onik ekarri, Ludo Delportek ezin izan baitzuen saioa amaitu. Erdilaria aldageletara itzuli zen, ezker hankako soleoan gainkarga bat izan zuela eta ondorioz.

Albiste hobeak izan zituzten atzo nafarren aurkariek, Ernesto Valverdek Rufete eta Angel Martinez berreskuratuko baititu Sadarren jokatzeko. Espanyoleko entrenatzaileak, berriz, Lola barik konpondu beharko du, erdilariak bere selekzioarekin jarraitzen du-eta.

BEHARREZKOA

Azken bi asteotan garaipenik lortu ez duenez, ibilbidea sendotu beharra du ezinbestean Osasunak, igandean galduz gero talde nafarra jaitsiera postuetan sar daiteke-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo