GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoia

Maila guztietako eskalatzaileak elkarrekin

Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoiaren zortzigarren edizioan 53 eskalatzaile lehiatu ziren. Mikel Velasco, Ane Mujika eta Antton Zabala izan ziren onenak. Podiumera igo zirenek euskal selekzio ofizialaren alde egin zuten.

Andoni ARABAOLAZA | OIARTZUN

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi eta zortzi. Bai, Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoiak zortzi urte bete ditu. Eta hori letra larriz azpimarratu beharko genuke. Izan ere, Euskal Herrian oso gutxi dira antolatzen diren proba herrikoiak; hots, maila guztietako eskalatzaileentzat atontzen diren hitzorduak bakanak dira. Eta berriro esango dugu, apustu horrek meritu handia dauka. Ez da Oiartzungo proba hau orrialde hauetara ekarri dugun lehenbiziko aldia; ez horixe. Uste dugu bai eliteko probek zein izaera herrikoia dutenek elkarri loturik joan behar dutela: lehenengoek, elitekoek, lehiaketaren maila gorena eskaintzen dutelako; besteek, herrikoiek, izaera hurbilagoa aurkezten digutelako.

Pena da, bai, duela zazpi urte amaitu eta berriro martxan jarri ez den Euskal Herriko Liga Herrikoia bezalako ekimenik ez ikustea. Zoritxarrez, zirkuitu herrikoi hura desagertu zen, baina Oiartzungo Girizia mendi elkarteko eskalada taldeari esker, bederen, makina bat lekutatik aldarrikatzen diren izaera hurbileko proba bat ikusteko (jakina, parte hartzeko) aukera dugu. Joan den larunbatean izan zen beste hitzordu bat: zortzigarrena. Eta, ohi den legez, deialdiak ez zuen hutsik egin. Guztira, 53 eskalatzailek eman zuten izena. Gazteen mailan, adibidez, 16 mutil aurkeztu ziren; ez zen neskarik «ausartu». Nagusietan, berriz, 5 emakumezko eta 25 gizonezko. Eta, jakina, txikienek ez zuten aukera galdu nahi izan, eta Elorsoroko rokodromoan atondutako bideetan 7 haur izan ziren. Ohi den bezala, adinarengatik, zazpi haur horiek eskalatu bai, baina ez ziren lehiatu. Soka goitik zutela, bideetan ahal zuten guztia ematen ikusi genituen, eta hori eskertzekoa da. Lehiakide nagusiek baieztatu zuten bezala: «harrobirik ez zaigu falta».

Goizeko sailkapenetan maila guztietako eskalatzaileak izan ziren. Maila guztietakoez gainera, baita jatorri ezberdinekoak ere: donostiarrak, gasteiztarrak, hernaniarrak, errenteriarrak, oiartzuarrak, iruindarrak... IV eta 7a+ arteko bi bide aukeratu eta eskalatu behar zituzten. Lortutako puntuei esker (bide gogorrenek puntu gehiago zituzten), gazte mailan hamar lagun pasatu ziren finalera, nagusien mailan bi neska eta nagusien mailan hamaika mutil.

Lehia biziak

Finalak arratsaldean jokatu ziren. Goizean bezala, lehia erabakigarri horretara makina bat ikusle bertaratu ziren. Bai gazteak bai neska nagusiak, atondutako bide berean jardun ziren. Hasteko, ezker-eskuin eta ia lurra ukitzen zuen zailtasun handirik gabeko zeharkaldia egin behar zuten. Ondoren, artesi batzuetatik ezkerrera zihoan beste zeharkaldi bat gainditu behar zuten. Eta indar guztiak ahitarazteko, sabai oso gogor bat. Hori guztia egiteko zazpi minutuko denbora zuten; agian, oso minutu gutxi hain bide luzerako.

Gazteak izan ziren lehiatzen lehenengoak. Hamar finalista. Lehenbiziko lehiakideek buruhauste bat baino gehiago izan zuten beheko zeharkaldiarekin, eta hori pasatu eta gero, ia gehienak artesietan erori ziren. Gutxi izan ziren puntu horretatik pasa zirenak; hiru, hain zuzen ere. Josu Viejok, adibidez, indar pixka bat gehiagorekin pauso batzuk eman eta sabaira iristeko aukerarik ez zuen izan. Azkenean, hirugarren sailkatu zen. Bigarren postua Jon Beñat Agirrek sinatu zuen; Viejo baino pixka bat aurrerago erori zen. Eta inolako zalantzarik gabe, eskalatzaile indartsuena Mikel Velasco izan zen. Lehiakide guztien jardunak aise gainditu zituen eta oso gogotsu eskalatu zuen. Ez zuen azken sabaira iristeko aukerarik izan, baina, egindako lanari esker, garaipena erdietsi zuen.

Neska nagusien mailan, bestalde, soilik bi finalista izan ziren: Colleen Herms eta Ane Mujika. Hermsek ez zuen aukerarik izan hasierako zeharkalditik ateratzeko, eta hor amaitu zen haren jarduna. Mujikak, berriz, askoz ere arinago eskalatu zuen. Zeharkaldia zein artesiak gainditu zituen, baina pixka bat aurrerago amaitu zen bere lana. Beraz, Mujika izan zen lehenengo eta Herms bigarren.

Txapelketaren amaierarako utzi ziren mutil nagusien lehiak. Hotz egiten zuen Elorsoro kiroldegian, baina, eskalatzaileek jarritako gogoari esker, hotz-beroa epeltzeko aukera egon zen. 11 lagun pasatu ziren finalera. Aurreko lehiakideen bideari helduleku batzuk kendu eta zailago jarri zuten. Bidea egiteko 9 minutuko denbora zuten. Hirugarren postuan Aritz Alonso sailkatu zen. Oso ondo eskalatu zuen, baina sabaiari aurre egin behar zionean indar-hustu eta erori egin zen. Bigarren postua Lander Larrañagarentzat izan zen. Hau ere bikain jardun zen. Sabaira iristeko aukera izan zuen, pixka bat nahastuta sartu zen eta ezin izan zuen saiorik egin tarte gogorra gainditzeko. Antton Zabala izan zen irabazlea. Zalantzarik gabe, hernaniarra izan zen onena. Sabaira oso era dotorean iritsi zen, atseden hartzeko aukera izan zuen, baina denbora ahitu eta ezin izan zuen den-dena eman. Aurreko mailetan bezala, mutil nagusiak ere nahiko estu ibili ziren denborarekin. Baina halakoa da lehia.

Sariak banatzearekin batera, podiumera igo zirenek aldarrikapena egiteko beta izan zuten: euskal selekzio ofizialaren alde egin zuten.

ELKARRI LOTUTA

Bai eliteko probek zein izaera herrikoia dutenek elkarri loturik joan behar dute: lehenengoek, lehiaketaren maila gorena eskaintzen dutelako; bigarrenek, izaera hurbilagoa aurkezten digutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo