GARA > Idatzia > Ikusmira

Aldarrikapen ezberdinak batu dira greba egunean

Greba deialdiak oihartzun zabala izan du Estatu frantsesean ez ezik, Euskal Herrian ere. Horren erakusle, 5.000 lagun elkartu ziren atzo goizean Baionako manifestazioan. Sindikatuek mezu indartsua helarazi nahi izan zioten gobernuari eta elkarrizketa hasteko bezperan, beren asmoa guztiz bete zutela esan daiteke. Izan ere, aurrerantzean zer gertatuko den jakiteak zailago dirudi. Garraioetako langileak eta gobernu ordezkariak gaurdanik hasiko dira elkarrizketetan. Sindikatu gehienen asmoa grebak jarrai dezala izanik ere, negoziaziorekin borroka biguntzea gerta daiteke. Batez ere gobernuak mezu gogorra alde batera utzi ondoren, bere erreformaren mamia gehiegi ukitu gabe denbora irabazi nahian jokatzen badu.

Atzoko egunarekin SNCF, beste garraio eta zerbitzu publikoko langileak, irakasle eta ikasleak... kalera atera ziren. Izan ere, aldarrikapen ezberdinak zituzten. Unibertsitatearen erreforma salatzea da hezkuntza arloko eragileen mobilizazioaren xedea. Edonola ere, batzuk zein bestek aurre egin nahi diote Sarkozyren gobernuak duen eredu publikoa murrizteko asmoari. Finean, arloz arloko aldarrikapenak bat datoz puntu berean: arlo publikoan martxan ezarritako erreformak goiz ala berandu orokortu egingo dira. Hots, batzuen eskubideak murrizteko planak guztiei egiten die kalte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo