GARA > Idatzia > Musika

Musikariak saltzaile bihurtu zirenekoa

Musika sektoreko egongaiztasunak irudi bitxiak sortzen ditu. Ikusi ditudan azken hiru kontzertuetan -haien artean musika estiloa, musikarien eskarmentua eta aretoak oso ezberdinak izanda ere- antzeko pasadizoak ikusi ditut. Laugarren adibidea, berriz, lagun batek eman dit jakitera, hemen azaldu nahi denaren adibide paregabea. Honako hauek kontzertuak: The Posies, Bilboko Kafe Antzokian; 121 dbs (ehun eta hogeita bat dezibelio), Iruñeko Akelarre aretoan; Petti eta Gari, Iruñeko Totem aretoan. Lagunak kontatutakoa Baluarte aretoan izan zen, BBCko orkestraren emanaldia. Zer daukate komunean lau kontzertuok? Bada, lauretan musikariek haien diskoak saltzeko egindako ahaleginak. Hori ez zen orain dela urte batzuk musikarien zeregina.

The Posies bidean urte anitz daraman power-pop talde amerikar itzela dugu. Gure inguruan maiz jo izan duten arren, azken honetan lehendabizikoz ikusi ditugu Ken Stringfellow eta Jon Auer haien diskoen saltzaile gisa. Kontzertua amaitutakoan, keinu deigarriak egin zituzten ikusleok agertokira igo gintezen, bertan diskoa erosi eta haiek sinatzeko. 121dbs taldeari, alta, gaztetasuna nabarmendu zitzaion. Valentzia aldeko hardcore-melodikoa eta emo-corea jorratu duen taldeak berriki grabatu du estreinako diskoa, eta Akelarren eman zuten kontzertuan hura saltzeko zuten gogoari ezin eutsirik agertu ziren. Pettirenak, aldiz, ironiaz eta umorez jositako deiak izan ziren. Topaguneak antolatutako «Batbiralau» ekitaldien barruan, gure aburuz Nafarroako rock-blues ahotsik indartsu eta erakargarriena duen Pettik eta haren taldekideek (sekulako banda, bide batez esanda) intentsitatez beteriko emanaldia egin zuten. Kantuen arteko tentsioa apurtze aldera edo, beratarrak «mesedez, mesedez, erosi gure disko berria» egin zuen aldarri. Eta kontatu didaten beste kasuan, musika klasikoaren jotzaileen artean onespen eta miresmena aski lortua duen BBCko orkestra ospetsua da protagonista. Kontzertuko biolin-jotzaile bakarlaria, (BBCko solista!) errezitala amaitutakoan, atarian paratu zen orkestraren CDak saldu eta baita sinatzeko ere. Hauxe gure egoera berria: taldeek oraindik ere disko berriak karrikaratzeko beharra dute, ibilbidean geldirik geratu nahi ez badute behintzat, eta horiek saltzeko edozein aukera aprobetxatu beharra dagoela, zuzenekoak barne. Lehen diskoei esker sortzen ziren kontzertuak. Orain, alderantziz.

Blanca IZKUE

Musikagintzako langilea

Ficha

Artista: Noizean Behin.

Título: «Arazi».

Discográfica: Baga Biga Musika Ideaiak.

Estilo: Metal contemporáneo.

Referencia: BBCD12.

Fecha de salida: Ya a la venta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo