Disko Berriak Aritz Sound System
Munduari bira hamalau urtetan
Laurogeiko hamarkada hasieran, Ingalaterrako Bristol hirian musika leherketa handia eman zen. Bristol, Ingalaterra mendebaldeko itsasaldean dagoen hiria da. Mendeetan hiriko jauntxoak esklaboen merkataritzari esker aberastu ziren eta urtetan Ingalaterrako hiri garrantzitsuenetakoa izan zen. Bigarren Mundu Gerra eta gero, langile merkeen beharra zegoela eta, Jamaikatik iritsitako etorkin asko jaso zituen. Jamaikar etorkinek reggae eta dub erritmoak ekarri zituzten eta hauei rap, soul eta musika elektronikoaren doinuak gehituta sortu zen trip-hop bezala ezagutuko zen musika. Massive Attack, Tricky edo Portishead bezalako taldeek osatu zuten lehenengo belaunaldi ospetsua.
Up, Bustle & Out taldea 1993. urtean sortu zen. Hirian nagusi ziren doinuak bereganatu zituzten eta hauei, taldekideek bidaiatzeko eta kultura berriak ezagutzeko grina gehitu zieten. Urte hauetan guztietan bidaia ugari egin dituzte eta kaleratutako diskoetan bidaia horietan jasotako esperientziak aurki daitezke. Kuba, Jamaika, Mexiko, Bolivia, Ipar Afrika, Andaluzia eta orain, Turkiako Istanbul hiriari iritsi zaio txanda. Diskoan aurreko eskarmentu guztia bildu dute musika estilo bizi eta koloretsua lortuz. Kolaboratzaileen zerrenda ere ez da nolanahikoa; Thivery Corporation taldeko Rob Garza, Portishead-eko Jim Barr, King Cahngo taldeko Blanquito man, Kalaf olerkilari afro-portugesa, Radio Tarifako Benjamin Escoriza eta Turkiako Sevval Sam abeslari eta antzezlea.