Laura Mintegi Idazlea
Sariak eta «mea culpa»
Mea culpa bego. Emaile, hartzaile, aldeko eta aurkako egon izan gara, eta gaude, hainbat sariketa eta lehiaketatan; eta ez dut uste gai garenik hitz gutxitan adierazteko sarien eta sariketen inguruan daukagun iritzia. Une batzuetan aldeko (zein aurkako) iritzia sendo arrazonatzeko tenorean egon bagaudela uste izaten dugu. Beste une batzuetan, ordea, intuizioak esaten digu «sari hau ez» baina ez genuke jakingo taxuz arrazonatzen zergatik ez.
Gauza bera al da banketxe batek bere propaganda hutserako antolatzen duen sariketa eta euskaltegi batek ikasleak idazten jartzeko antolatzen duena?
Berdin-berdin epaituko al ditugu eskola bateko ipuin lehiaketa, literaturzaletasuna areagotzeko antolatutakoa, edo Suediako Akademiak urtero banatzen duen Literatura Nobel saria?
Zein aldetan jarriko dugu, onesgarrien ala gaitzesgarrien artean giza eskubideen aldeko lana ezagutzea helburu duen sariketa? Non kokatu ikustezina ikusgarri egin nahi duen sariketa andana, emakumeen aldekoak, baztertuen aldekoak?
Modu berean baloratuko al dugu hautagaiak bere burua aurkeztu behar izatea edo epaimahaikideek beren gain hartzea hautagai zerrendaren osaketa?
Sari batzuk jasotzeak onura ekar diezaioke sarituari eta, beste batzuetan, «larriki zauritua» izaten da omendua, mozkina baino gehiago kaltea dakarkiolako; emaileekiko identifikazio politikoak ibilbide koherente bati orban garbiezina ezarri dio maiz. Sari «pozoindua» jasotzen denetik pertsona hori beti izango da «ez-dakit-zein-sariren-jasotzailea». Mesederik ez, alegia.
Sariaren balioa arbitrarioa da, aldabera, garaian garaikoa eta, finean, estuki lotuta dago sariaren gainean dagoen pertzepzio sozialarekin. Pertzepzioa baina, aldatu egiten da: nondik begiratzen den, nork begiratzen duen eta nora begira jartzen den. Ez dago gune neutrorik. Ez dago, beraz, izatez onargarria edo gaitzesgarria den sariketarik.
Sari batek hari ikustezinen bidez lotzen ditu emailea eta hartzailea. Emaileak bere burua definitzen du nori eman erabakitzen duenean. Omendua bihurtzen da bere balio eskalaren sinboloa. Emaileak sariarekin adieraztera ematen du zein den bere pentsamendua, zein den proposatzen duen eredua, zeri begira jarri nahi dituen espektadoreak. Zeren sariaren alde garrantzitsuena horixe baita, hain zuzen, jendaurrean justifikatzea zergatik ematen zaion honi eta ez beste bati, zeintzuk diren honek (eta ez beste horrek) dituen merezimenduak, zerk jarri duen hau gainontzeko hautagaien gainetik. Publiko egiten ez den sariak, publizitatzen ez den sariak ez du inolako baliorik. Ez du ezelako funtziorik betetzen.
Hartzaileak saria jasotzean, aldiz, bere egiten ditu emailearen balioak. Ontzat ematen du epaia eta, beraz, epaiaren irizpideak. Epailearen balio eskala eta justifikazio publikoa bidezkotzat jotzen ditu, eta onartu egiten du emaileen ikurra izatea, saritu guztien zerrendakidea izango baita aurrerantzean, pieza bat gehiago sariaren irudia osatuko duen puzzlean.