Irmotasuna eskatu diote Bilboko Udalari emakumeen aurkako biolentziaren kontra
Kepa PETRALANDA |
«Konpromisoa eta ardura hartzeko kontua da emakumeen aurkako bortxakeriaren aurrean egin beharko litzatekeen politika». Bizkaiko Koordinadora Feministak atzo kritikatu zuenez, Bilboko Udaleko datorren urteko aurrekontuetan, «elkartasuneko Bilbo lortzeko estrategiaren barne kokatu dituzte bor- txakeriaren biktimei eman beharreko laguntzak, baita ere berdintasun politikak; baina, gure ustez, emakumeen aurkako indarkeriari atentzio irmoarekin erantzun beharko litzaioke eta ez urtean behin jardunaldiak antolatuz, edo azaroaren 25a dela-eta hedabideetan agertuz».
2008ko aurrekontuei begi- ra, bortxakerien biktimei zuzendutako diru kopurua 328.008 eurokoa da; hau da, %0,06ko igoera baino ez du jasan eta, berdintasun politikarako adostutako igoera, aurrekontuaren %0,69 besterik ez da, Koordinadora Feministaren hitzetan.
Datuekin jarraituz, Emakundek eta Eudelek emandako zenbakiak aipatu zituzten. Emakumeen kontrako indarkeria dela-eta, 2006an EAEn egindako salaketak 3.700 izan ziren; eta aipatutako kopuru horretan, 30 urtetik beherako emakumeak %42 dira. Erakunde bi horien esanetan, urte horretan 13 eta 18 bitarteko gazteen artean jarrera matxistak gora egin zuen.
Azaroaren 25aren atarian, deia egin zuen «gizartea osatzen dugun emakumeoi eta gizonoi eraso egiten digutenei erantzun argia emateko. Ez ditugu nahi gure bizitzaren arlo bakar batean ere ez». Bizkaiko Koordinadora Feminista osatzen duten taldeek Arriaga plazan egingo dute elkarretaratzea, 12.30ean.
Erakunde publikoei «estrategia argi eta zehatzak» eskatu zizkieten eta, horiekin batera, «emakumeen jabekuntza indibidual nahiz kolektiborako prozesuei laguntza ematea, gizarteko gaitza den bortxakeria ma- txista horren aurka egin ahal izateko baliabideak eskura daitezen». Halaber, gizonen erreakzioa, gizartearen eta herritarren heziketa, komunikabideen konpromisoa eta inplikazioa ere eskatu zituzte emakumeek.