Denboraldi berria
Orbea-Oreka 2008 urtea prestatzen hasi da Derion
Euskaltel-Euskadiko Unai Uribarri aurkeztu zuten atzo, eta hamaika txirrindularik neguko lehendabiziko taldeko entrenamendua egin zuten
GARA | BILBO
Orbea-Oreka SDA taldea berritu da, eta horregatik 11 txirrindulari bildu ziren atzo aurreneko aldiz Derion, Alvaro Gonzalez de Galdeanoren zuzendaritzapean. Bide batez, Unai Uribarri fitxaketa ezagutzera eman zuten.
Hurrengo denboraldia hurbil dago, baina Orbeakoak neguko lehendabiziko bilera izan zuten. Alde batetik, denak bildu ziren; entrenamendua eta ohiko osasun-azterketa egin zituzten. Bestetik, Uribarri aurkeztu zuten. Mañariakoak bi urte eman ditu Euskaltel-Euskadi taldean, baina aukera gutxi izan ditu UCI Pro Tourrean.
Horrenbestez, 11 txirrindulariz osatu dute taldea. Egia esan, Orbea berri bat ikusiko dugu errepidean hurrengo denboraldian; izan ere, hiru besterik ez ziren iaz aritu taldean, hots, David Martin, Ivan Melero eta Igor Romero.
Iaz, Euskadi Txirrindularitza Iraskundeak hartu zuen taldea eta filosofia aldatu dute; multzoa gaztetu dute erabat, ikasteko taldea izango baita Euskaltel-Euskadira jauzia eman baino lehen. Amateurretik UCI Pro Tourrera zuzeneko urratsa gehiegizkoa zela frogatuta, fitxatutakoek orain aukera dute dituzten gaitasunak erakusteko kontinental mailan. Edonola ere, batzuek bakarrik lortuko dute hori.
Etorkizunean txirrindulari sendoak izateko, amateur mailatik onenetarikoak hartu dituzte Derioko arduradunek. Honako hauek dira: Nieve eta Sesma (Caja Rural), Ruiz de Erentxun eta Olano (Bidelan), Castroviejo (Seguros Bilbao), De Lis (Alfus-Tedes) eta Minguez (Suminan).