GARA > Idatzia > Editoriala

Hobetuz, adostu zenaren kontrakoa

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengo sindikala Etengabeko Prestakuntzaz arduratzen den fundaziotik kanpo dago. ELA eta LAB sindikatuek atzo salatu zutenez, Lakuako Gobernuak bazekien Madrilgo finantzaketa eredua onartzeak bi sindikatuok Hobetuz uztea zekarrela, Hobetuz sortu zeneko helburuen aldeko apustua ezinbestekotzat jotzen baitzuten. Izan ere, helburu horiek guztiz bestelako eredua eskatzen dute, etengabeko prestakuntza ematea negozio bihurtzea galarazi eta kalitatea bultzatzen duena, lan merkatuaren eta langileen beharren araberako eredua, alegia.

Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengo sindikala aintzat hartu gabe Madrilgo Gobernuak, patroiek eta sindikatu espainol nagusiek erabaki dutena onartu izana, nekez izan liteke eredu propio bateranzko bidea. Eta nork erabakia den alde batera utzita ere, eredu zalantzagarria da oso. Prestakuntza beharren araberakoa izan beharrean, prestakuntza arautuko zentroek protagonismoa izan beharrean, patronalak eta zenbait sindikatuk diru kopuru garrantzitsuak kudeatzea kalitatearen aldeko apustuaren kontrakoa da. Atzo bertan eztabaidatu zen Lakuaren Enplegu Plana, eta ikusitakoak ikusita, sailburuaren asmoek propagandarako balio badute ere, bere alderdiaren eskuetan dagoen Hezkuntza sailaren erabakiak argi utzi du noraino iristen den aldarrikatzen duten lan esparru propioa, Madrilek ezartzen duen mugaraino, hain zuzen.

Lan harremanetarako euskal markorako tresna izan behar zuena zertan utzi duten ikusita, bestalde, irakurketa politikoak ere ez dirudi konplexuegia. Erabakitzeko esparru propioa euskal gizarteak ez ezik indar politiko gehienek ere aldarrikatzen duten honetan, hura gauzatze aldera prestakuntza eredu propio baten alde apustu egiteko lehen aukeran, Lakuako Gobernuak Madrilen erabakia onartu du. Gobernu horretako indarrek mahaigaineratzen dituzten kontsultek edo desobedientzia zibilerako aukerek praktika sinesgarriagoak erakutsi beharko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo