Lakuako Gobernuak eta EEPk 2008an elkarlana sendotzeko asmoa dute
Eneritz ZABALETA |
Lakuako Gobernuko Kultura sailburu Miren Azkaratek eta Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakari Max Brissonek bi erakunde horien arteko protokoloaren jarraipen bilkura egin zuten atzo. Baionako bileran 2007ko otsailean hitzartutako elkarlanaren balantze oso baikorra egin zuten, eta 2008rako bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko asmoa azaldu zuten batek eta besteak.
Bi erakundeek aurten elkarlanean egin dituzten lanen artean, Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoa dago. «Eusko Jaurlaritza datuen esplotazioaz eta irakurketaz arduratu da, eta EEPk Ipar Euskal Herriari buruzko txostena idazten parte hartuko du», zehaztu zuen Max Brissonek prentsaurrekoan.
Diru laguntza dei bateratua
Bestalde, 2007an, lehen aldiz, EEPk eta Lakuak diru lagun-tza eskaerak kudeatzeko poltsa komuna osatu dute. EEPk milioi bat euro jarri ditu, eta 450.000 Gasteizko Gobernuak. Orotara, aurkeztutako 81 asmoetatik 51k jaso dute diru laguntza: «Diru poltsaren kudeaketa osoa EEPk egin du. Horrek Eusko Jaurlaritzaren eta EEPren arteko konfiantza giroa erakusten du», nabarmendu zuen azken horretako lehgendakariak. 2008rako ere diru poltsa komuna izango da: «Aurrekontuak Legebiltzarrean eztabaida fasean dira. Abenduaren 28an jakingo dugu Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekarpena zenbatekoa izango den», erantsi zuen Miren Azkaratek.
Datorren urterako elkarlana sendotzeko asmoa dute bi erakundeek. Lehenik, aurten eginiko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak argitaratuko dituzte elkarrekin. Horrez gain, hurrengo urteko beste lan ildo garrantzitsua, biztanleriari eta irakaskuntzari dagokionez, jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunak finkatzea izanen da.
Azkenik, Lakuako Gobernuak informazioa eta aholkularitza emango dio Euskararen Erakunde Publikoari hel- duen hizkuntza-gaitasunaren egiaztapenean. Izan ere, EGAren eskumena Euskaltzaindiatik EEPra pasatuko da 2008tik aitzina Ipar Euskal Herrian: «Jaurlaritzan eskarmentua daukagu, bai EGAri dagokionez, bai HABE erakundearekin, eta gure laguntza eskainiko diogu EEPri», adierazi zuen Azkaratek. Terminologia eta toponomia alorretan ere informazioa trukatuko dute bi erakundeek 2008an.