Iruñeko Gazte Asanbladak udaltzainek epaileak beldurtu nahi izatea salatu du
Joan den ostegunean, «Piztera» bideoa aurkeztu zuten Zabaldin. Bertan agertzen da maiatzeko mobilizazioetan Iruñeko udaltzainek izan zuten jarrera bortitza. Gazte Asanbladak salatu du iragan astean Poliziak «mendeku moduan» hainbat gazte arrazoirik gabe jipoitu zituela.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
«Duela aste batzuk, udaltzainak Takonera parkean azaldu ziren, eta Iruñeko gazte bati NAN eskatu ostean, inolako arrazoirik gabe hura jipoitzen hasi ziren. Hankak bridekin lotu zizkioten eta besoen eta bizkarraren artean barra bat jarri zioten. Gero, komisaldegira eramaterakoan, sekulako astindua eman zioten eta, haren ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zuten. Ondoren, udaltzainek gazteari salaketa jarri zioten, autoritatea irain- tzeagatik; gazteak, era berean, udaltzainak salatu egin zituen. Epaiketa heregun izan zen eta, bertan, hamabost udaltzain egon ziren. Horietarik, bostek uniformea jantzita zeukaten, alegia, une horretan lanean ari ziren; horrekin, epailea presionatu eta hari beldurra sartzea lortu nahi zuten», adierazi zuen atzo Iruñeko Gazte Asanbladako (IGA) kide Iker Villanuevak.
Talde horretako ordezkariak adierazi zuenez, ez da izan udaltzainek gazte hori bortizki jipoitu duten lehen aldia, eta eraso horrek eragin dion «min psikologikoa» nabarmendu nahi izan zuen. «Gaztea une latzak igarotzen ari da, bere gain sekulako presioa daukalako. Psikologi- koki jota dago; gauean lo egin ezinik dabilela esan digu eta, behin baino gehiagotan, negarrari eman dio, lur jota. Ez da bidezkoa pertsona batek hain txarto pasatzea, udaltzainek nahi izan duten guztia egin dutelako berarekin», azaldu zuen Villanuevak kezkati.
Villanuevak adierazi zuen joan den ostegunean «Piztera» bideoaren aurkezpena egin zela eta, haren bidez, Iruñerria Piztera Goaz gazte taldeak maiatzean aurrera eraman zituen mobilizazioetan udaltzainen eta haien nagusi Simon Santamariaren «jarrera oldarkorra» argi eta garbi azaltzen dela. «Horregatik, bideoaren aurkezpena egin baino lehenago eta geroago, udaltzainek Iruñeko hainbat gazte arrazoirik gabe jipoitu eta atxilotu egin zituzten. Bideoa aurkeztu zen egunean bertan, goizaldeko ordu bietan udaltzainek Aska taberna hustu egin zuten, eta bertatik irteten ziren pertsonei bortxatzaileen aurkako spraia bota zieten», gaitzetsi zuen taldeko eledunak.
Egoera horren aurrean, Villanuevak adierazi zuen eraso horiek «Iruñeko bizilagun guztien aurka zuzenduta» daudela eta, gaineratu zuenez, une honetan oso garrantzitsua da «guztiek jakitea hiri honetan udaltzainek bizilagunak inongo arrazoirik gabe jipoitzen» dituztela. Horrela, IGAko kideak adierazi zuen hurrengo asteetan egoera geldiarazteko ahalegin guztiak egingo dituztela eta, horretarako, «kolektiboekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin» elkartuko direla. Astelehenero Txapitela kalean protestaldia egiten jarraituko dutela ere iragarri zuen.
EAE-ANV, poliziakideen aurka
Bestalde, Iruñeko EAE-ANVren udal taldeak asteotan udaltzainek izan duten jarrera gaitzetsi zuen. Ohar baten bidez, alderdi ekintzaileak nabarmendu zuen eraso horiek ez direla «kontu berriak», eta haien portaerak Yolanda Barcina alkatearen nahiekin bat egiten duela. «Barcinak bere gustokoak ez diren herri mugimenduen eta kolektiboen aurka jotzen du eta udaltzainetaz baliatzen da horretarako. Beharrezkoa da Simon Santamaria eta udaltzain horiek kanporatzea», azaldu zuen.
IGAko kideek duela aste batzuk salatu zuten udaltzainek gazte bat «inongo arrazoirik gabe» atxilotu zutela eta, komisaldegira bidean, «sekulako jipoia» eman ziotela.