GARA > Idatzia > Musika

Bost rockzale Bruce Springsteenez berbetan

Gustatu ala ez gustatu, ezagun da guztiontzat Bruce Springsteen. Izenez, musikaz edo irudiz, mundu mailako izarra dugu datorren astelehenean Barakaldoko BEC eraikintzarra rock dardaraz beteko duena. Asko idatzi da egunotan New Jerseyko kantariaz eta guk berataz zerbait gehiago jakin nahi izan dugu aspalditik jarraitzaile dituen zaleen ahotik. Hona hemen aukeratutako bost rockzale amorraturen Bruce Springsteen.

p054_f01_148x239.jpg

1. Noiztik ezagutzen duzu Bruce Springsteen. Zer dela eta hurbildu zinen bere musikara?

2. Zer nabarmen daiteke bere musikagintzan, non du arrakastaren gakoa?

3. Ordu eta erdian ahitu zituen Barakaldorako sarrerak. Rock grina edo ekitaldi soziala?

4. Gozatu duzu inoiz zuzenean... eta astelehenean, bazoaz?

5. Lanen edo kantaren bat nabarmentzekotan, zein?

Anartz BILBAO | BILBO

1. Hirugarren diskoan ezagutu nuen, «Born to run», hemen argitaratu zen lehenengoa. Arrakasta izan zuen eta lehenengo biak argitaratu zituzten laster. Nire ustez «The River» atera zuenetik beherantza joan da.

2. Arrakasta E Street Band ikaragarrian dauka. Zuzenerako pentsatutako musika da, errepiderako egina. Berak ez daki kantatzen eta oihukatu egiten du, zuzenean are lotsagarriago. Ideologikoki, kantuetan progresista samarra baina epela izan da. «Incident on 52nd Street» eta Seegerren sesioa geroztik aldatu eta ezkerrerantz jo du. Nik ezin dut sinetsi Springsteen egun, gezur bat iruditzen zait eta niretzat ez da hain handia. «Born in the USA»?, ni ez naiz horrekin identifikatzen.

3. Sarreren afera sekulako «tokomotxoa» izan zen. Milaka izango dira kanpoan geldituko diren zaleak, San Mames betetzeko beste. Ideologikoki ere aztertu behar da nola antolatu den, Bilbao ahaldun nagusiaren apostua eta BEC bete beharra...

4. Lehenengo aldian gogoz gelditu eta Nou Campen ikusi nuen behin, Amnesty International biran; Sting, Peter Gabriel, Tracy Chapman eta El Ultimo de la Filarekin. Oraingoan ez naiz saiatu ere egin sarrera lortzen. Lotsagarria deritzot kontzertuak enkantean saltzeari. Europan 16 emanaldi sos gehien jartzen duten hirietan. Horrela egiten omen da, ezta?

5. Batez ere «Born to run» eta «The River»-en zati batzuk, osoa luzeegia baita.

1. OHOko seigarren mailan nengoen «The River» plazaratu zenean, 1980 inguruan. Klasekide batek Deustuko biltegi batean erosi zidan, erdigunean baino merkeagoa zelako. Aldizkari guztietan ageri zen Springsteen eta halabeharrezkoa zen jakin mina izatea. Pentsa garaiko E Street Banden argazkiak 13 urteko ume laubegi eta melomano batengan sor zezakeen eragina.

2. Ezin labur azaldu. Disko bikain mordoa du eta kaskarrenek ere -«Magic» azkena, kasu-, eztabaida sortzeko beste gako dauzka. Duen gauzarik txarrena inguruan sortzen duena da; funtsezkoa, musikaren indarra eta kalitatea, zokoratzen duena.

3. Horrelako kontzertuetan gozatzen dute gehien «rockaren igandekariek». Ohiko bilguneetatik atera eta benetako zaleak albo batera egiten dituzte, asko zuzenekoa ikusi ezinik utzita. Ez dira kontzertu batera hilabeteetan bueltatuko, Stones edo Van Morrison berriro ikusteko ez bada, baina kaltea erreparaezina izango da.

4. Madrilen bakarka ikusi nuen orain bi urte, «Devils & dust» itzulian. Kontzertu ikaragarria, aparteko komunikatzaile eta plazagizonarena. Grina du agertokian eta goian jartzen du maila. Azken orduko «santuhartu» on bati esker joango naiz BECera. Ez dut itxaropen handirik -ez dago memento onean-, baina begirunea diot artistari.

5. Nire gogokoena «Nebraska» da, lan gogorra eta batere erraza ez dena, egungo Americana soinuaren aitzindaria. Kantei dagokienez, oso zaila da sailkatzea. «Promised Land»-en sarrerak indarberritu egiten nau, hasieretako kantu ugari ditut gustuko. Kanta bakar bat aukeratzekotan, «Jungleland» hartuko nuke.

1. Dagoeneko musikari handia zela ezagutu nuen, «Born in the USA»-rekin. Zazpi urte baino ez nituen eta ahizpen kaseteen artean zokomiran ibiltzea gustukoa nuelako eskuratu nuen diskoa. Oso txikia nintzela arreta jarri nion lehenengo musikari «serioa» izan zen, Beatles kenduta.

2. Nekez esango dut rock onaren bidean jarri ninduenaren aurkako ezer. Arrakastari dagokionez, ekinaren ekina eta umiltasuna beharko lukete gako edonorentzat, ustez Boss-ak beti izan duena. Bere herriko langileriari buruz egindako hitzek, ziurrenera, asko hurbilduko zuten bere herrikideengana.

3. Gurean baditu BEC betetzeko adina jarraitzaile edo gehiago ere, baina benetako jarraitzaileak ikusia du behin baino gehiagotan, aukerak ez ditu falta izan eta. Salmenta kopuruak Brucek egindako lan onari erantzuten dio, baina baita artista ospetsuen ekitaldi jendetsuetara baino ez joateko joera eskasari ere.

4. Ez naiz joango kontzertura, «Tunnel of Love» egin ondoren interesgarria izateari utzi ziolako niretzat, horren ezagun izan gabe nigan arreta handiagoa sortzen zuten artistak ezagutzen joan nintzen eta nahiago ditut beste batzuk ikusi. Ez zait batere gustatu sarrerak erosteko antolaketa, ezta disko dendetan sortutako ilara «britainiarrak» ere.

5. «Born in the USA», lan horrekin ezagutu nuelako. Baita «Born to Run» eta «Darkness on the Edge of Town» ere. Azken hau kasetean erosi nuen, huskeria baten truke.

1. 12 urte nituela hasi nintzen Springsteen entzuten. Iñaki (Hanky Panky) kideak grabatutako zinta batzuk entzunarazi zizkidan. «Live 1975-85» (5 lp) argitaratu berria zuen, ospera eraman zuen «Born in USA»-rekin batera ezagutu nuena. Niretzat rockean erabateko murgiltzea ekarri zuen. Zirrara sortzen zidan benetan, eta banekien hor nuela bila ari nintzen bidea, hor ikertu beharra neukala.

2. Uste dut rockaren unibertsoko gailurra zapaldu duela, kalitateari dagokionean. Bere arazo bakarra arrakasta ikaragarria lortzean dago. Horrek, rocketik at dagoen publiko baten miresmena ekarri dio eta, aldi berean, «garbizaleen» estigma, merchandising produktu gisa baino ikusi ez dutelako, oker ibili arren. Paradoxikoki, eta duen arrakastagatik ere, artistarik gutxietsienetarikoa dela uste dut.

3. Zale amorratu andana dago, baita antzina operara joaten zirenak legez, orroaka hasteko «Born in the USA»-ren zain joango den aldra ere, ezagutuko duten bakarra delako. Harrigarria da horrelako kontzertuetara joaten den jendetza eta bere profila. Non dira areto txikietan egiten diren kontzertu ugarietan?

4. Bost aldiz ikusi dut eta guztietan itzela iruditu zait, diskoak gainditzeraino, «The Rising»-en itzulian, adibidez, musikaren historian duen esanahia berretsiz eta hiru orduko rock izerditsua eskainiz, baita areto txikietan ere. E Street Bandekin batera ikustea musikarengan jakin-mina duen edonorentzat galduezina den luxua da. Bestalde, ez dut ezagutzen milaka lagunen aurrean oso-osorik kontzertu akustikoa eman eta arreta beregana dezakeen beste inor. Tamalez, astelehenean kanpoan egongo naiz. Hemen banengo, seigarrenez, dudarik ez.

5. Buf, a zer galdera. «Darkness on the Edge of Town» disko berezia iruditu izan zait beti, harri bitxi ugarirekin. «Nebraska» diskorik kutunenetarikoa dut, lan osoa. Nik bere lehenengo bi lanak ere aldarrikatuko nituzke, ezezagunenak izan arren handiak baitira.

1. 15 urte nituelarik nire buruari egiten nizkion galderen aurrean erantzun eza eta kezka berak topatu nituen bere kantuetan, «Born to run», «Darkness on the Edge of Town» eta «Nebraska»-n batez ere. Era sinesgarri, indartsu eta jator-jatorrean.

2. Denbora alferrik galdu dut aurreiritziak jota Springsteenez txorakeriak esaten dituztenak oker zeudela adierazten. Niri musika hori asko gustatzen zait, nahiz eta badakidan 90eko hamarkadatik asko galdu duela.

3. Bietatik egongo da. Gainera, bistan dago aretoa txikia geratuko zela. Bestetik, ez naiz salmenta sistema berriekin fidatzen.

4. Bai, bosgarrena izango da, talde honek eman ahal duen rock and roll irakaspenean zerbait ikasteko egokia.

5. Zuzenean «Thunder Road» jotzen dugu euskaraz, baina izan zitekeen «Incident on 52nd St.», «Racing in the streets»...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo