Maiatz Elkarteak jasoko du aurten Durangoko Azokaren Argizaiola Saria
«Maiatz» Aldizkaria 1982. urtean plazaratu zuten lehenengo aldiz. Urte bereko abenduaren hasieran, Euskal Liburu eta Disko Azokan bere postua izan zuen eta ondoko hogeitabost urtetan ez du hutsik egin. Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria emango dio aurten, Ipar Euskal Herriko literaturgintzari egindako ekarpena nabarmentzeko. Bestetik, Eva Forest, Jesus Atxa eta Salvador Solaegi lagun zenduak omenduko dituzte Durangon, ekitaldi xume batekin.
Izaskun LABEAGA | DURANGO
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. ekitaldia aurkeztu zuten atzo antolatzaile eta babesleek. Abenduaren 5ean, bi aste barru, irekiko ditu ateak eta hilaren 9ra bitartean, 161 argitaletxe, diskoetxe, banatzaile, kultur erakunde eta eragileren proposamenen erakuslehio bilakatuko da.
Umorea izango da gai nagusia eta, izen propioak, hainbat; Maiatz Elkartea horietako bat, 2007ko Argizaiola Saria eskuratuko baitu Ipar Euskal Herriko euskalgintzari eta literaturgintzari egindako ekarpenarengatik. Horretarako, urtero bezala, ``Gauean Argi'' izeneko ekitaldia ospatuko da. Aurten, abenduaren 8an izango da, 20:00etan, San Agustin Kultur Gunean.
Forest, Solaegi eta Atxa gogoan
Beste aldetik, hiru lagun izango ditu gogoan aurtengo Azokak: Eva Forest, Salvador Solaegi eta Jesus Atxa, aurten zendutakoak hirurak. 1990.etik Hiru Argitaletxeko arduradun izan den Eva Forest, proiektua abian jarri zuenetik urtero agertu ohi zen Durangoko Azokara, hutsik egin barik; horregatik, bere izena aurten ere han egon dadila nahi dute. Solaegik eta Atxak Gerediagaren sorreran eta Azokaren hastapenetan parte hartu zuten, hurrenez hurren. Abenduaren 7an omenduko dituzte hirurak.
Inaugurazioari dagokionez, berriz, gutxi aurreratu zuten atzo. Andoni Agirregomezkorta telebistako umorista ezagunari egokituko zaio sarrerako saioa prestatzea.
Umorearekin lotutako makina bat proposamen iragarri dituzte. Fredi, Xabier eta Itxaso Paia anai-arrebei enkargu berezia egin die Gerediaga Elkarteak, Azokaren gai nagusiarekin uztartzekoa. Unai Iturriagarekin batera egindako ``Oroimenaren lupa'' bertso musikatuen ikus- kizuna plazaratuko dute. Abenduaren 6an izango da proiektu berezi horren estreinaldia.
Txalo Produkzioak ekoiztetxeak ere egun hori aukeratu du ``Sommer jaunaren istorioa'' antzezlan berriaren lehenengo emanaldirako. Jose Ramon Soroiz aktoreak taularatuko duen bakarrizketa da.
Gainera, Zakilixut pertsonaia ezaguna protagonista duen erakusketa zabalik egongo da bost egunetan zehar.
Imanol Lazkano eta Pello Zabala, berriz, ``Hemen jaungoikoari ere barre'' izenburua duen mahai ingurura gonbidatu dituzte, abenduaren 8an.
Umeak eta gazteak erakartzea da antolatzaileen erronka nagusietako bat. Txikienentzako txokoa indartuz doa ekitaldiz ekitaldi. Espazio handiagoa izango dute oraingoan; hala ere, ez nahi luketen bestekoa, Jon Irazabalen esanetan, baina eraikinaren hormek ez dute gehiagorako ematen. Beraiei zuzendutako erakustokien albora aldatuko dute haurrentzako aretoa eta Olentzeroren bisita jasoko dute.
Gazteei begira, Euskal Greatest Hits Gaua antolatu dute. Durangoko bandek kontzertua emango dute eta euskal abesti ezagunen bertsioak eskainiko dituzte. Lehenengo egunean, DJ erakustaldia egongo da, Oleaktiff-en eskutik.
Jon Irazabal Durangoko Azokaren zuzendariaren hitzetan, ekitaldia herri txiki baten modukoa da: Euskal Herrian diren sentsibilitate guztiak han biltzen dira, bost egunez.
Aurtengo hitzorduan 161 parte hartzaile bildu eta 317 erakusmahaitan erakutsiko dituzte beren produktuak, tartean 554 nobedade, urritik abendura bitartean kaleratutakoak.
Beharrizan teknikoak direla-eta, iaz baino stand gutxiago jarriko dira. Bisitarien onerako egindako murrizketa izan da, zenbait tokitan sortzen ziren «tapoiak» eragozteko asmoz hartu baita neurri hori, eta postu bat baino gehiago izan ohi zuten argitaletxeei lekua kenduz konpondu dute arazoa.
«Alde ekonomikotik, dirauen azoka izatea espero da», Irazabalek esan zuenez. Ez dira «salmenta izugarriak» aurreikusten, sektorea jasaten ari den egoera aintzat hartuta.
Durangoko Azokak ikusmira sortzen du gure lurraldeko mugetatik kanpo eta, horregatik, atzerriko hainbat ordezkaritza bertaratzea espero da.
Georgiako literaturaren ordezkari David Turashvili, Tamar Ebralidze eta Nugzar Tsiklauri gonbidatuta etorriko dira, beren errealitateaz jardun eta gurea ezagutzera.
Profesionalei begira -baina publiko guztiari zabalik-, Liburuaren Legea eztabaidagai hartuko duen hitzaldia prestatu dute lehenengo egunerako. Aitor Esteban eta Jorge Gimenez izango dira hizlariak.
Ipar Euskal Herriko argitaletxe eta elkarteak ere protagonismo bereziaz jabetuko dira aurtengoan.
I.L.
Etorkizuneko irakurleak erakartzea da Gerediagak duen erronka nagusietako bat. Umeen txokoa handitu egingo dute eta musika ekitaldiak antolatu dituzte gazteentzat. Plateruenatik igaroko dira Petti, UEK eta Ken 7, besteak beste.
Erakusmahaiak: 317.
Argitalpen berriak: 554.
Lekua: Durangoko Landako Erakustazoka.
Data: Abenduaren 5etik 9ra.
Ordutegia: 10:30etik 20:00etara.
Sarrera: Doakoa.