«Etzi» eta «Miren nunca mais!», Linazasororen eta Aristiren azken liburuak
Elkar argitaletxeak plazaratu ditu Karlos Linazasorok eta Pako Aristik gazteentzat sortutako azken lanak. Lehenengoak «Etzi» 12 urtetik aurrerakoentzat idatzi du, eta Down sindromea duen mutiko gaztearen eta bere anaiaren arteko istorioa dakar. Aristik, aldiz, akzioz betetako kronika egin du kalean galtzen den neskatoaren abentura zirraragarriekin.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Bruno da Karlos Linazasororen «Etzi» liburuko protagonista: hamahiru urteko mutikoa. Ezin ditu beste neska-mutikoek egin ditzaketen gauza asko egin; dohain asko ditu, baina gabeziak ere bai. «Liburu fin samarra da hau, baina asko kostatu zait bukatzea», aitortu du idazleak. Tolosarrak atzo esan zuenez, berak badu Down sindromea duen 14-15 urteko iloba bat. Nolabait gaztearen bizitzan eta izaeran oinarritu du, bada, lan berria, eta haren oroimenez kaleratu.
Finean, bi anaien istorioa dakar «Etzi»-k, egun bakar batean jasotzen dena. «Ez dago akzio handirik, uste dut gogoeta liburu bat dela», esan, eta honakoa erantsi du idazleak: «maitasun istorioa ere badela uste dut, anaiak, aiton-amonek, gurasoek, seme honi dioten maitasunaren istorioa. Halakoetan nolabaiteko erruki faltsu bat izaten da, eta nik hori saihestu nahi izan dut. Uste dut ez dagoela horrelakorik liburu honetan, baizik eta justu kontrakoa».
Pasarte triste samarrak, umorea, poesia pixka bat... eta «intrigarik» ere badago; bestalde, Antton Olariagak marrazkiz atondu liburuan. Bitxikeria gisa, idazleak aipatu du «alderantziz idatzitakoa» dela lana, aurrena bukaera idatzi eta gainontzeko guztia gerora sortu baitu.
Santiagoko kaleetan galduta
Pako Aristik ere egun bakar baten kronika dakar «Miren nunca mais!»-en, akzio ugariz jantzitakoa. Protagonista bihurtu duen Miren neskatoa -Azpeitiko taberna batean idazleak berak egiaz ezagututako ume baten izen berekoa, hari agindu ei baitzion beretzat ipuin bat sortuko zuela- gurasoekin Santiagora (Galizia) joango da egun batzuk pasatzera, eta lehenbiziko egunean galdu egingo da; egun horren kontaketa da finean Aristirena: «Biziraupen gida bat ere bada, biziraupen urbanoa esango nuke, haurra hirian nola molda daitekeen azaltzen duena», esan du. Akzioak, dena den, haurraren hainbat gogoetarekin nahastuta ageri dira bertan.
Eider Eibarren marrazkiak ditu lanak; Santiagoko alde zaharrean Aristik ateratako argazkiak ardatz izan ditu horretan.