Gaurko gizon baten ispilu izan nahi du Jose Luis Otamendiren «Erlojuen mekanika» lanak
I. A. | DONOSTIA
Seigarren poema liburua du Otamendik (Azpeitia, 1959) «Erlojuen mekanika», Xabier Gantzarainen azalarekin labetik atera berri duena. Iñigo Aranbarri idazlearen ustez, Otamendik «Lur bat zure minari» (Susa) poesia bilduma sortu zuenetik 12 urte pasa diren honetan aurkezten duen lana «beste giltza» bat da. «Beste diskurtso mota bat da nagusi liburuan, aurreko liburuen bestelakoa, baina ez arrotza egilearentzat. Giza kondizioa zertan ikusten zuen azaltzeko erabiltzen zuen terminologia militarra zibildu egin da orain». Beraz, Aranbarrik «poesia zibilerako saltoa» igarri du: «Bada bidaia bat hemen; bidaia zintzoa norberaren poetikan eta politikan barrena, bidaia ausarta gure gizartean barrena».
Otamendik, bestetik, zera aurreratu zuen lau ataletan banatuta dagoen lanaz: «Orain, 2007. urtean, bizi den 48 urteko euskaldun baten ispilu izan nahi du neurri handi batean». Izenburuarekin, aldiz, «denbora jendearen neurrira ekartzeko ahalegina adierazi nahi izan dut».