Euskaltzaindia Bartzelonako III. Liburuaren Erakusketan ari da parte hartzen
GARA | BARTZELONA
Euskaltzaindia atzo hasi eta datorren astelehenean bukatuko den Bartzelonako III. Liburuaren Azokan ari da parte hartzen, Institut d'Estudis Catalansen eta Consello da Cultura Galegaren erakustoki berean.
Ez du lehendabiziko aldia azokan Euskaltzaindiak; aurten bosgarren urtea da hara jotzen duela Kataluniako eta Galiziako erakundeekin batera. Erakusketa irakurleei eta erosleei dago zuzendua, eta saltzaileen eta erosleen arteko harremana sendotzea du helburu. Aipatutako hiru erakundeek egiten duten lana ezagutarazi nahi dute bertan parte hartuz, eta bide batez balizko erosleekiko harreman zuzena ere sendotu nahi dute.
80 argitalpen inguru
Euskaltzaindiak berak jakinarazi duenez, 80 argitalpen inguru erakutsiko ditu Bartzelonan; horien artean gramatika, toponimia, hiztegigintza, hizkuntza arauak eta literatura liburuak daude.
Era berean, informaziorik zehatzena emate aldera, Euskaltzaindiko Argitalpen Zerbitzuko Ricardo Badiola, argitalpen eragilea, eta Jon Artza, argitalpen banaketako arduraduna gerturatu ziren atzokoan azokara, eta gaur ere standean izango dira. Gainerako egunetan ere ikusgai izango da Euskaltzaindiaren ekoizpen editoriala, baina Institut d'Estudis Catalans-eko kideen ardurapean.
Hain justu, honako argitalpenak izango dira bertan: «Euskera» agerkariaren azken zenbakiak, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sortutako Mendaur bildumaren hirugarren eta laugarren liburuak, edota Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatzen duten Literatura Sariko «Arkitekoa» (Txema Garcia-Viana), «Joanes. Itxaropenaren semea» (Alaitz Olaizola), «Zirrikituak» (Aintzane Galardi), «Herri maitea, herri dorpea» (Sebastian Gartzia Trujillo) eta «Narrazioak eta olerkiak» liburuak.
Horrekin batera, Euskaltzaindiaren webgunea ere erakutsiko dute.