Iñigo Unanue Artetxe IMHko teknikaria eta jardunaldiaren koordinatzailea
POI eta pertsonetan oinarritutako irakaskuntza proiektua
Azken lau ikasturteetan Elgoibarko Makina Erremintaren Institutua (IMH) lantzen ari da POI (Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza) metodologia. POI, Guneka kolaborazio testuinguruan kokatuta dago, non IMHk, Bergara, Usurbil, Tolosa, eta Bidasoa ikastetxeekin parte hartzen duen antolamendu eta funtzionamendu berriak garatzeko helburuarekin. IMH testuinguruan, duela lau urte Produkzio Bidezko Mekanizazio zikloko Imanol Iturria, Ander Elola eta Juan Irizarrek hasitako proiektua gaur egun ikastetxe osora hedatu eta gauzatzen ari da. Berrikuntza prozesu honek eguneroko aldaketak, berrikuntzak eta metodologia bera, eguneroko jarduerak birplanteatzea sorrarazten du.
Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza prozesuak egoera berrian jarri du Lanbide Heziketa irakaskuntza sistema. IMren kasuan ikuspegi aurrerakoi eta gaur eguneko errealitatetik gertuago egotea ekarri du.
Testuinguru berri honen eraginez, irakasleen arteko elkarlana, koordinazioa eta ikasturteko plangintza diseinua erabat aldatu dira. Honek guztiak gelako jarduerak aldatu, eta gelako esku-hartzea desberdina izatea ekarri du. Ikasleak eta irakasleak irakatsi-ikasi prozesuaren parte aktibo izatea erraztu du. Ezagutzaren jabekuntza sakona izateaz gain, pentsamendu kritikoa, teorikoa eta sortzailea garatzea bideratu du. Bada nabarmentzekoa den beste adierazle bat: lan kooperatiboak ikasleen arteko harremanak hobetzea ekarri du. Ikasleak bere burua ezagutu, eta bere kideekiko harremanak kudeatzeko kontzientzia hartu du.
Beraz, esan genezake proiektuetan lan egitea, alde batetik, ikasleen gizarte trebetasunak garatzeko aukera dela, eta bestetik, ikasgai ezberdinen ezagutza barneratzeko tresna egokia ere badela. Alegia, ikasleen arteko harremanak testuinguru sakonagoan kudeatzea suposatu du. Harreman horiek nork bere burua ezagutzea, autoestimua eta balioen eraikitzea ahalbidetzen dute, baita talde harremanetan sortzen diren komunikazio gatazkei aurre egiteko testuingurua sortu ere.
Ondorioz, nabarmendu POIk, orain arte genituen ikasi-irakatsi kontzepzioak aldatu egin dituela. Ikasleek aktiboki parte-hartzeak, motibazioan eragin zuzena edukitzeaz gain, gelako jarduerak eta jarrerak hobetu ditu.
Norberak aipatutakoaren inguruan hausnarketa egingo balu, zera esate legoke: testuinguru sozio-emozionalak ga- rrantzia duela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Pertsonaz hitz egiteak gizabanakoa kontuan hartzea eskatzen du; dituen garapen kognitiboa, garapen afektibo-emozionala eta garapen soziala kontuan izatea, alegia.
Hori dela-eta, Elgoibarko IMHk antolatu duen «Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eraberritzen» II jardunaldiak, ildo nagusia «pertsona» du. Besteak beste, taldeko harremanak, alderdi-emozionala, pertsonen arteko gaitasunak, jarrerak eta motibazioa izango dira hizlariek, oro har, erabiliko dituzten kontzeptuak gaur bertan, goizez (ikusi egitaraua http://www.imh.es).
Egoera berriak kontzepzio berri baten aurrean jartzen gaitu. Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza prozesua Pertsonengan Oinarritutako Irakaskuntza proiektua izatea. Ondorioz, proiektu honek «per- tsonak» ditu kontuan, proiektua, ikasgaiak eta gelako testuingurua.