GARA > Idatzia > Kultura

Titirijai jaialdiak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu aurten

Tolosako Titirijaik 25 urte beteko ditu aurtengoan eta behar bezala ospatzeko jaialdiaren «memoria grafikoa» bildu duen liburua kaleratuko dute. Gonbidatu berezirik ere izango dute, Europan txotxongiloetan tradizio sendoena duen herria; Txekiar Errepublika.

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Txekiar txotxongiloek protagonismo berezia izango dute bihar hasi eta abenduaren 2an bukatuko den Titirijai jaialdian, nahiz eta, besteak beste, Argentinatik, Belgikatik, Errusiatik, Bulgariatik, Kolonbiatik eta Vietnamdik ere gerturatuko diren.

Orain dela 25 urte ospatzen dute txotxongiloen festa Tolosan eta urtetik urtera geroz eta gehiago dira talde partehartzaileak. Zilarrezko ezteiak behar bezala ospatzeko, batetik, ibilbide guztiaren «memoria grafikoa» bildu duen liburua kaleratuko dute datozen egunetan, eta, bestetik, jada aurreko edizioetan parte hartu duten hainbat talde gonbidatu dituzte berriro ere. Tolosan errepikatuko duten konpainien artean Kolonbiako Manicomio de Muñecos taldea, Vita Marcik eta Naive Theatre txekiarrak edo Nizhni Novgorod erruasiarrak nabarmendu behar dira. Aipamen berezia merezi dute, hala ere, Vietnamgo Txotxongiloen Teatro Nazionalak egiten duen ur gaineko ikuskizunak. 2002an izan ziren Tolosan eta denak aho zabalik utzi zituztela esan dute antolatzaileek. Oraingoan, gainera, zuzenean jotako musika ekarriko dute.

Horiek hala, orotara 26 izango dira abenduaren 2ra arte Tolosan egongo diren konpainiak, eta 53 emanaldi eskainiko dituzte. Miguel Arretxe jaialdiko zuzendariaren hitzetan, teknologia berriek presentzia handia izango dute aurtengo ikuskizunetan.

Emanaldiekin batera, Titirijaik urtero egin ohi duen moduan, erakusketa bat ere antolatu dute. Aranburu Jauregian izango da eta txekiar txotxongiloei leiho bat ireki nahi diete horrela.

XVIII. mendeko piezak

Aipatu dugun legez, aurtengo gonbidatu berezia Txekiar Errepublika izango da eta erakusketan XVIII. mende bukaeratik gaur egunera arteko 600 elementutik gora bildu dituzte.

Ildo honetan, «Txekiar Errepublika da txotxongiloen antzerkiari eskainitako fakultate bat sortu zuen lehenengo herrialde europarra», azaldu zuen Arretxek.

Erakusketak lau zati ditu; antzerki ibiltariari eskainitakoa, familiarteko antzerkiarena, antzerki modernista klasiko eta klubekoari eskainitakoa eta txotxongilo antzerki berria -instituzionala-.

Fitxa

Datak: Bihartik abenduaren

2ra bitarte.

Jaialdiaren zirkuitoa: Tolosako hainbat eszenatokitaz gain, Donostiara, Eibarrera, Elgoibarrera, Ibarrara,

Irunera, Ordiziara eta Pasaiara ere gerturatuko da Titirijaia. Baita Sestaora eta Iruñeara ere .

TO.pic nazioarteko zentroa, munduan hirugarrena

Tolosako alkate den Jokin Bildarratzek argitutakoaren arabera, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren eraikuntza lanak orain hilabete hasi ziren. Zentroak badu izena ere, TO.pic, hau da, Tolosako Puppet International Center. Gehiago ere esan zuen, ordea: era honetako hirugarren zentroa izango dela munduan, Atlantan (AEB) eta Taipein (Txina) daudenekin batera. «Mundu mailako nahi bizi eta amets baten alde hasi gara jada lanean», adierazi zuen Bildarratzek. Une honetan Tolosako Udalak duen afera juridikoki zentroarekin zein harreman mota izango duen argitzea da: «Kudeaketa Cit-en -Tolosako Ekimen Zentroa- esku egongo da eta honen jabetza Udalarena izango da». Edukia zehazten ari dira hortaz orain; bertan emango diren tailerrak eta ikastaroak, museoa...

TO.pic Euskal Herria plazan orain hilabete birgaitzen hasi ziren eraikin batean egongo da. Egitasmoak guztira sei milioi euroko aurrekontua du eta horietatik bost eraikinean gastatuko dituzte eta milioi bat euro hornikuntzan. Lehen batean zentroaren irekiera 2009ko uda aldean egitea espero dute.

R.C.

0-4 URTEKO UMEAK

Aurtengo edizioan lehenengo aldiz zero eta lau urte bitarteko umeei zuzendutako emanaldiak eskainiko dituzte hiru konpainien eskutik; Euskal Herriko Gar Produkzioak, Drak txekiarrak eta De Spiegel belgikarrak.

SARIA

Titirijaik sari bakarra ematen du 1999. urtetik hona. Zazpi umek osatutako epaimahaiak erabakitzen du sariduna eta azken egunean, abenduaren 2an, egingo den ekitaldian emango dute jakitera zein izan den aurtengo garailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo