GARA > Idatzia > Kultura

Akordatzen naiz, beraz, banaiz?

Dorleta URRETABIZKAIA, Aktorea eta idazlea

Antzerkia eta errealitatea eskutik doazenean, galdera sorta handia esnatzen da geure baitan. Alzheimerren gaitzaz hitz egiten duen Herve Jaouen «Amamaren memoria» antzezlana estreinatu zen Donostian joan zen asteburuan. Eta gizaki eta antzezle bezala ukitzen nauen gaia iruditu zitzaidanez, hausnarketari ekin nion.

Lehenik eta behin, zer da memoria? Kontzientzia duten izaki bizidunengan iraganeko esperientziak gogora ekartzeko gaitasuna. Memoria mota desberdinak omen daude. Batetik, memoria motza edota arrain memoria. Arbel batean klarionez idaztea bezalakoxea. Eguneroko gauza arrunt eta praktikoak gorde eta berehala ezabatzen diren datuak biltzen dituena. Eta bestetik, memoria sakona. Esperientzia sakonagoak modu iraunkorrean gordetzen dituena. Inkontziente sakonean betiko geratzen diren oroitzapenak. Memoria eguneroko bizitzarako beharrezkoa dugu orduan. Baina datuak gordetzeaz gainera, zer funtzio dauka? Zer gertatzen da antzezleak testua ahaztu ez gero, zurian geratuz gero? Badirudi, memoria identitate kontzientzia bat izateko beharrezkoa gertatzen zaigula. Akordatzen naiz, beraz, banaiz. Memoria galduz gero, garena izateari uzten omen diogu, datu objektiboek garrantzi guztia galduz. Gure amak ez bagaitu seme edota alaba bezala gogoratzen, gure ama izateari utziko dio. Hildakoak ere, besteek gogoratuko ez dituzten memento berean hilko dira. Zurian geratu den antzezlea, pertsonaiarik gabe geratuko da. Ez da existituko. «...Oroimena bizitzak darama, arrastaka bada ere. Ahantzia berriz, hilobietan geratzen da, harriari itsatsirik...». Felipe Juaristi ren azken liburuko hitz esanguratsuak dira.

Sanchis Sinisterra-k ere, memoriaren gaineko hausnarketa egin du «Flechas del ángel del olvido» antzezlanean. Bere esanetan, memoria, etenez betetako milaka zati eta elementu desberdinez osatutako osotasun bat da. Bizitza jarraitasunik gabeko esperientzia kaotiko eta ustekabeko bat bezala bizi dugunez, geure buruari kontatzen diogun etenik gabeko asmakizun logiko baten beharraren ondorioa da. Koherentzia bat topatu nahian, geure buruari kontatzen diogun asmakizun logiko bat besterik ez dela esan du, gauzak ordenatu beharragatik idazten dugun gidoi bat.

Orduan zer gertatzen da kaosak guztia hartzen duen mementoan? Zer gertatzen da memoria galtzen dugunean? Gidoirik ez dagoenean? Espazioa eta denbora gabean galtzen al gara betiko? Memoriarik gabeko pertsona hori, aurpegiek, ahotsek eta usainek ezer esaten ez dioten leku bakarti batean geratzen al da? Zer gertatzen da garenaz akordatzen ez garenean? Ispiluaren aurrean ikusten dugun hori ezagutzen ez dugun mementoan? Akordatzen ez bagara, ez al gara existitzen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo