«Morphina»rekin iritsi da Zea Mays hamargarren urtemugara
«Morphina», bosgarren diskoa, kaleratu du Zea Maysek, bere hamargarren urtemugarekin batera. Xanpainarekin ospatu zuten atzo, lagun arteko giroan, CDa eta DVDa dakarren kutxaren aurkezpenean. Lan hetereogeneoa da, taldearen nortasunean sakontzen duena.
Izaskun LABEAGA | BILBO
Zea Maysek 1997an eman zituen lehen urratsak eta, urte berean, azaroan, atzo bezalako egun batez, Euskadi Gaztearen maketa lehiaketa irabazi zuen. Hamar urte bete dituen honetan, ospatzeko duten bigarren arrazoia bosgarren disko hori da.
``Morphina'' «opari» bat da talde bilbotarraren zaleentzat. Hamabi abesti biltzen dituen CDarekin batera, zuzenekoa jasotzen duen DVDa plazaratu dute: 2005ean Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuten kontzertua dakar, une gogoangarria. Gainera, bost gehigarri ere baditu, eta lehengo irudiak ikusi ahal dira, taldearen ibilbidea eta bilakaera agertzen dutenak. «Agertokian egoteko modua, gure estetika, zeharo aldatu dira eta guretzako oso aberasgarria izan da une horiek berreskuratzea», nabarmendu dute. Gainera, bideoekin barre egingo dugula diote.
Hastapenetako laurak
Hasierako bandak jarraitzen du: Aiora Renteria (ahotsa), Asier Basabe (bateria), Ruben Gonzalez (bajoa) eta Iñaki Imaz (gitarra). Kimika handiko taldea da, hamar urtetan lortu duten kohesioa izugarria da. «Lagunak gara, koadrila gara» eta elkarrekin egindako bidean, toki komunak aurkitu dituzte musikaren inguruan. Emaitza, ``Morphi- na''n aurki dezakegu.
Adiskide arteko giroan grabatu nahi zuten diskoa, «gu bezalako jendez inguraturik eta ez, diskoak merkaturatzetik bizi direnekin». Hala, lau disketxeekin izandako esperientziaren ondoren, halakoei bizkarra eman eta bosgarren diskoa Bonberenea Ekintzak ekimenarekin elkarlanean kaleratzea deliberatu zuten. «Maitatuak sentitu gara», adierazi zuen Renteriak.
Grabazioa Mungian (Lamiña Producciones) egin zuten iraila eta urria bitartean, 23 egunetan, zuzenekoetan alboan izaten duten teknikariarekin elkarlanean. Jose Lastrak bestelako sostengua ere eman die: ahotsa, teklatuak eta programazioak ekarri ditu diskora. Raul Lomas Doctor Deseoko teklista da Zea Maysen azken laneko kolaboratzailea.
Hamabi kantetatik bi ingelesez dira; «gogoa genuen eta aukera genuez, bada, egin dugu; ez dago beste arrazoirik», aipatu zuen atzo Iñaki Imazek. ``18/98+ Auzolanean'' diskorako sortu ``Astero ostera hastera'' abestia berreskuratu dute, baita Agustin Zubikarairen omenezko ``Hondarretik Ondarroara'' ere. Berriz grabatu dituzte bi horiek.
``Bost-Hamar'' izenburukoak taldearen historia kontatzen du eta ``Zure zain'' Asier Basaberen haur jaioberriaren omenezko pieza da. Basabek aitatasun baja hartuko du orain eta, horregatik, ez dute jendaurreko emanaldirik emango martxora arte.