«winkyren zaldia» eta «the horror bus» abentura filmak euskaraz ikusteko aukera
Euskarazko filmak ikusteko aukera zabala egongo da asteburu honetan Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Gaur bertan Tinkok «Winkyren zaldia» eta Baleukok «The horror bus» lanak aurkeztuko dituzte. Jatorri atzerritarra duten haurrei zuzendutako bi film.
Itziar PEREZ
Iragan den irailean Tinko film banatzaileak eta Aretoko Filmak izeneko enpresa banatzaileak proiektu berri bati heldu zioten euskarazko kalitatezko filmak Euskal Herriko zinema aretoetan ugaritu ahal izateko. Egitasmo horren barruan dago «Winkyren zaldia», gaztetxoei zuzendutako lana, gaur bertan Donostiako Bretxa zinema aretoan, Bilboko Coliseo zirkuitoan eta Gasteizko Florida eta Guridin 17.30ean estreinatuko dena. Tinko enpresaren helburua pelikula hau zinema aretoetan hiru astez mantentzea da, nahiz eta erabaki hori filma ikustera gerturatzen den ikusle kopuruaren arabera hartuko den. Aretoak egitasmoaren helburuetako bat Euskal Herriko haurrek zineman euskarazko filmak urte osoan zehar (eta ez Eguberritan soilik) normaltasunez ikusteko aukera izatea da.
Marian Galarraga, Tinko film enpresa banatzaileko zuzendariaren esanetan, «haurrei eta helduei zuzendutako pelikula ederra da «Winkyren zaldia» eta euskaraz soilik estreinatuko dugu». Mischa Kamp zuzendariak 2005. urtean egindako lan hau Warnerrek ekoitzi du. Film bat euskaratzea ez da batere lan samurra, izan ere, Galarragak azaldu duenez, «prozesua ez da batere erraza. Lehenik eta behin, Warnerrek berak ekoitzitako filmak bidaltzen ditu Estatu espainolera eta pelikula horrek gaztelaniara bikoizteko izango duen gastua zein izango den kalkulatzen du. Oso film politak gelditzen dira bidean etekinik ez luketelako sortuko. Ondoren euskaraz, galizieraz edota katalanez bikoizteko aukera dago. Gure ikuspuntutik onak diren hainbat film berreskuratu nahi izan ditugu: `Irabazle eta galtzaile', `Hiru mosketariak' eta `Winkyren zaldia', esate baterako».
Winky Wong da film honetako protagonista nagusia. Bere ama Winkyren aitarekin elkartu berri da itsasertzean dagoen Herbeheretako herrixka batean. Aitak txinatar jatetxe bat du bertan. Hasieran, Winkyri egoera berrira moldatzea gogorra egingo zaio: alde batetik, hizkuntza berri bat ikasi eta lagun berriak topatu beharko dituelako. Bertara iritsi eta pottoka eder batekin topo egingo du eta egunero joango da hura ikustera baina, zoritxarrez, Winkyren gurasoek ez dute batere gustuko beren semearen zaletasun berria. Winkyk San Nikolasen berri izango du, zintzoak diren umeei opariak egiten dizkien gizona, eta horixe izango da bere helburua.
Bikoizketa lanetan Jaione Intxaustik (Winky), Miren Aranburuk (Winkyren ama), Kiko Jauregik (Winkyren aita), Aintzane Gamizek (Sofie), Pello Artetxek (Sofieren aita) eta Iker Bengoetxeak (Samir) parte hartu dute, besteak beste. Honez gainera, pelikula honek gaurkotasun handiko gaia jorratu du, izan ere, etorkinen arazoez hitz egiten baitu.
Beste alde batetik, Baleukok ekoitzi duen «The Horror Bus» filma izanen da gaurtik aurrera Bilboko Multizinen, Barakaldoko Max Ocion, Basauriko Bilbondon, Donostiako La Bretxan eta Gasteizko Guridi zinema aretoetan ikusgai izanen den beste pelikula. Pieter Kuijpers zuzendari herbeheretarrak umeei zuzenduta egin duen filma da. Euskarara eta gaztelaniara bikoiztutako pelikularen protagonista nagusia Onnoval da, 11 urte dituen umea. Eskolan lagunik ez eta haren neskalaguna den Liselore izango da bere euskarri bakarra. Onnovalek ipuinak idatzi ohi ditu eta askotan, ametsetan egongo balitz bezala, erraztasun handiz salto egiten du beste mundu batera. Horietako ipuin bat egia bihurtuko da eta orduan jarriko da martxan abentura berri bat. Istoriaren amaiera Onnovalen eskuetan egongo da, bera izango baita istoriari amaiera alda diezaioken pertsona bakarra.
Pieter Kuijpers zuzendariaren esanetan, «filma amodio eta beldurrezko istorioa da. Pelikula honen helburua bizitzan arazoei aurre egin behar zaiela erakustea da, arazoei ez baitzaie beldurrik izan behar». Filma egiteko orduan Kuijpers «Fausto eta Nosferatu», «Sleepy Hollow» edota «Dracula» bezalako pelikuletan oinarritu da. 95 minutuko iraupena duen film honetan haurrei helduak balira bezala hitz egiten diete.
Antzezleei dagokienez, Serge Price aktore gaztea da Onnoval, Jim Van de Panne-k hezurmamitu du Gino maltzurra eta Lisa Smit, Liselore, da Onnovalen neskalaguna.
«The horror bus» pelikulak hainbat sari lortu ditu. Horien artean 2005. urtean Herbeheretako zinema jaialdiko saria eta Alemaniako Nazioarteko Haur zinema jaialdiko izendapen berezia irabazi zituen, eta iaz Chicagoko Nazioarteko haur zinema jaialdian pelikula onenaren saria ere lortu zuen.
«Winkyren zaldia»
Zuzendaria: Mischa Kamp.
Gidoia: Tamara Bos.
Antzezleak: Ebbie Tam, Jan Decleir, Betty Schuurman.
Herrialdea: Holanda, 2005.
Iraupena: 95 minutu.
Generoa: Abenturak.
«THE HORROR BUS»
Zuzendaria: Pieter Kuijpers.
Gidoia: Burny Boss eta Pieter Kuijpers.
Antzezleak: Serge Price, Jim Van Der Panne, Lisa Smit.
Herrialdea: Holanda, 2005.
Iraupena: 95 minutu.
Generoa: Abenturak.