Uribe: «Etxeko jarrera bera izan behar dugu»
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Alavesen jarrera oso desberdina izaten ari da eta Mendizorrotzan eskuratu behar ditu kanpoan lortu ezin izan dituen puntuak. Horren jakitun, Josu Uribek Eibar edota Las Palmasen aurka erakutsitako jarrera eskatu zien bere jokalariei, bihar, Elchen jokatu beharreko partidan.
«Dagoen berdintasunarekin, bi partida jarraian irabazita, lehenengo zazpi edo zortzigarrenen artera sartu gaitezke; azpikoak ere, oso gertu daude, baina. Etxeko dinamika hori mantentzeko gai izanik, irabazteko aukerak baditugu; galtzekotan, ez dezagula inolako erraztasunik eman», adierazi zuen.
Irregulartasun horrek zalantzak sortu ditu inguruan eta, horregatik, Elchen irabaztea oso garrantzitsua litzateke.«Hiru puntuak eskuratzea ez da batere erraza izango baina lasaitasun handia emango liguke; hala, hiru jardunalditan hiru garaipen lirateke eta moral handia emango liguke horrek».
Arerioari buruz, nabarmendu zuen, beraiek bezala, Elche oso talde gogorra dela Martinez Valero beren zelaian. «Etxean gogor dabil, oso zenbaki onak egin ditu eta ez da batere erraza izango. Punturen bat lortzen saiatuko gara. Bideoak eta datuak aztertu ditugu: hiru gol baino ez dute jaso etxean eta punturik gehien atera dituztenetakoak dira. Martinez Valeron lortu dute sailkapenean duten leku on hori. David Vidalen taldekoak oso intentsoak dira, gogorrak. Partida zaila izango da».