Xabier Izaga Irakaslea
Estatua versus duintasuna
Tula, frantsesez Tulle, Correse -frantsesez Corrèze- departamentuaren hiriburua da. Herenegun arte gehienontzat ezezaguna. Neuk behinik behin, ez nekien 1944ko ekainaren 9an Armada alemaniarrak bertako 99 herritar urkatu zituela, Erresistentziaren aurkako mendeku modura. Euskaldun gehienok, ordea, bertan euskal presoren bat giltzapetu dutenean baino ez dugu izan haren berri. Hango eta beste hainbat lekutako kartzelak milaka euskal herritar giltzapetzeko erabili baitituzte aspalditik, euskal erresistentziaren aurkako errepresalia modura .
Joan Bidart ortzaiztarra da Tulako kartzelan izan den azken euskal presoa. Behin-behineko espetxealdian, bakartuta zeukaten. Zergatik bakartuta, ordea? Esaten dizkiguten segurtasun kontuak barregarriak baitira; ipuin barregarriak, haien ondorioak tragikoak ez balira. Estatuak presoaren ardura du, haren biziaren eta osasunaren ardura; hau da, makurtzen ez denaren heriotzaren ardura. Familiak azkenik jakin zuen semea ospitale psikiatriko batean dela. Lehenago ikasi zuen zer eskutan dagoen.
Estatuen larderia. Arrazoia ere esaten diote: estatu arrazoia. Contradictio in terminis.
Gotzone Lopez de Luzuriagak 18 urte ditu kartzelan. Etxean behar luke, baina estatuak menderatuta nahi du. Arabar presoa hartuta daukan minbizia ere ez da aski, osasunaz gabetzea ez da nahikoa, irizpidea eta borondatea ere kenduta behar du estatuak Gotzone kaleratzekotan. Eta idatzi bat eman dio sina dezan. Mefistofelesek Faustori jakintza eskaini zion, Estatu espainolak hura kendu nahi zion euskaldun emakumeari.
Emakume babesgabe bat, emakume «ahul» bat menderatzeko ez ditu aski izan 18 urteko zigor latza eta minbizia. Eta dagoeneko berandu du, emakume horrek bera menderatu duelako, papera sinatu gabe zein papera sinatu balu ere.
Ez nuen «duintasun» hitza idatzi nahi, hutsaldu samar baitago, sarritan arratsaldeko kafea hartzeko moduari ere lotuta. Eta zer urrun dagoen hitz horren ohiko erabilera Gotzone Lopez de Luzuriagak erruz duen horretatik.