GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolari

Loteria espainiarra

Bonboa biraka dabil eta zenbaki saridunak irteten ari dira. Oraingo honetan zazpi izan dira, baina biraka jarraitzen du beste zenbaki batzuen bila. Estatuak loteriak antolatzen ditu, batzuk zorionerako eta besteak zorigaitzean».

Horrela hasten da Aner eta Goofik, Algortan duela aste batzuk atxilotuetako bik, beren lagunei bidalitako gutuna. Araban hasi zutena, Bizkaitik eta Gipuzkoatik pasatu, eta Nafarroan bukatu dute aste honetan espainiarrek, baldin eta bukatu badute. Hiriguneak pixka bat mugiarazten dituzten gazte dinamikoenak atxilotu dituzte, beti ere modu sinistezinean ETArekin lotuz. Loteria bat besterik ez da, edonori toka dakioke, zuri ere bai. Baina beraiek hobe azaltzen dute gutunean eta...

«Zorionekoa Espainian zehar banatzen dute, zorigaitzekoa Euskal Herrira bereziki mugatu dute. Azken honetan Algorta-Berangoko zazpi laguni tokatu zaigu. Martitzenetik eguaztenerako gaua izan zen amets gaiztoaren hasiera, gure etxeetan bortizki sartu ziren kaputxadun, metrailadore animalia arrotzak. Zeren bila zihoazen jakin barik txoko guztiak arakatu zituzten ehunka objektu baliogabe eskuratuz, gure eta familiaren gauza mordoa apurtuz, etxe atariak apurtuz eta tirokatuz. Hortik aurrera izan ziren mehatxuak, kolpeak, oihuak, hiru gau luzez, oso luzez, gure lasaitasuna eta bizitzak bortxatuz.

Egoera politikoak eragindako atxiloketa politikoak izan dira, leporatzeak inongo oinarri edo funtsik gabe aurrera eramanez espainiar estatuan euren eraginkortasuna saltzeko. Euskal Herriaren parte handi batek ez baitie sinisten. Ezin da sinistu gezur hutsa delako.

Inkomunikazioak asko bakartzen zaitu, ahuldu, eta aldi berean Auzitegi Nazionaleko ziegetan bakarrik ez geundela konturatu eta indarberritzen hasi ginen. Hormen bestaldeko kolpe moduko seinaleak ailegarazten gure batasuna indartuz. Ordu arte herriko ezagunak ginenak, kolpe batez betiko lagun bihurturik. Kartzela zigorra erabakita zegoen txotxongilo aurpegi zapal harroputzaren aurretik pasatu baino lehen. Kartzelarako bidean «Txikia» abestia ezin ozenago abestu genuen, bakoitzak bere lekutik, baina denek batera. Denak bat garelako, gaur egun.

Orain kartzelan gaude, indarberriturik, animotsu, zer erremedio! Aurrera begiratu behar da eta aurrean dena daukagu irabazteko, benetan!

Kartzelan pauso sendoz sartu gara, errespetuz eta errespetatuak. Bestalde, kanpotik jasotako elkartasunak hunkitzen gaitu, horregatik eragindako malkoek sufrimendua ito dute. Kaleko indarrak ailegarazi dizkiguzue, maitasuna bidaliz, gizatasunaren balioa handituz. Oso harro gaude gure herriaz, gure herria zuek denak zaretelako. Kalean, etxean, lanean, baina elkarturik sentitu zaituztegulako. La oxtia zarie, gora zuek!».

Argiago hitzegiterik dagoela pentsatuko banu, ez izan zalantza izpirik ere: zutabea zurian utziko nuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo