Euskarazko argitalpena AURKEZPENA Afizionatuak
Gipuzkoako pilota aztertuko du Kantxatik aldizkari berriak
Hiru hilabetetik behin argitaratuko du Gipuzkoako Federazioak eta helburua komunikabideetan leku gutxi izaten duten alorrak lantzea izango da.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Gipuzkoako Pilota Federazioak argitaratutako «Kantxatik» izeneko aldizkari berria kalean da jada. Lehen zenbakia urrian atera zuten eta aurrerantzean hiru hilabetetik behin argitaratuko dute ale berria. Diotenez, «euskara hutsean euskal pilotaren inguruan argitaratzen den lehen aldizkaria» izango da.
Produktu berri honekin, Gipuzkoako Federazioak normalean komunikabideetan tarte gutxi izaten duten zenbait alor jorratu nahi ditu. «Beste komunikabideetan emakumeak, haurrak, pilota eskolak, elkarteak eta zaleak bigarren mailan geratzen dira», adierazi dute aldizkari berriaren arduradunek. Hala ere, pilota profesionalak badu bere txokoa aldizkarian. Lehen zenbakian, esaterako, Patxi Zeberio erremontistari eskaini diote argitalpenaren azala.
«Kantxatik» hiruhilabetekaria izango da eta aleak urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian irtengo dira. Zenbaki bakoitzetik mila ale inprimatuko dira eta irakurleei harpidetza bidez banatuko zaie. Hamar euro ordaindu behar dira eta informazioa 943.471463 zenbakian eta kantxatik@gmail.com helbide elektronikoan eskuratu dezake nahi duenak. Aldizkariak 20 orrialde ditu eta 210x297 formatuan aurkeztu dute.
Lehen zenbakian, esan bezala, Patxi Zeberio erremontista gipuzkoarra da protagonista nagusia. Elduaingoak Buruz Buruko Kursaal Txapelketa irabazi du aurtengo udan, finalean Koteto Ezkurra handia mendean hartuta. Aldizkarian elkarrizketa luze eta zabala egin diote.
Horrekin batera, beste hainbat gai ere aurkituko ditu irakurleak «Kantxatik»en lehen alean. Irailetik martxan den Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketaren berri, Joxe Ramon Arregi puntista ohiaren zenbait aholku, errebotearen inguruko erreportajea eta iritzi-atala ere aurkituko ditu pilotazaleak.