Aizkora
Bizkaian kanporaketa bat jokatu beharko da
J.L.| DONOSTIA
Aspaldian ez bezala, aurten Bizkaiko Txapelketan ez da zuzenean finala jokatuko. Azkeneko urteetan partaide gutxi izaten ziren lehiarako prest, baina aurten bederatzi kirolarik eman dute izena, eta kanporaketa bat jokatu beharko da.
Etzi, 12.00etan hasita, Bilbon, Ametzola plazan, herrialdeko kanporaketa jokatuko dute. Estreinako bostek finala jokatuko dute abenduaren amaiera aldera Zeanurin. Bizkaiko Federazioak antolatu ohi du txapelketa hau, eta Egur Sport enpresaren laguntza jasoko du.
Honako aizkolari hauek hartuko dute parte: Atuxa I.a, Atutxa II.a, Aldape, Mendieta, Txikon, Garitaonaindia, Zelai II.a, Larrea eta Bihurri. Aizkolari bakoitzak, bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oin biko bat erdibitu beharko ditu.
Txapelketa honetan, aizkolari gazteak eta beteranoak ari dira, eta hori poztekoa da. Aspaldian poz handirik gabe zebilen kirol hau herrialde horretan, baina badirudi, apurka-apurka, goranzko bidean ari dela.