SOKATIRA
Nafarroako eta Euskal Herriko lehenengo txapelak banatuko dira
J.L. | DONOSTIA
Euskal Herriko eta Nafarroako sokatira Txapelketako lehen txapelak banatuko dira asteburu honetan. Laukoak ari dira jokatzen Euskal Herrikoan, eta seinakoak, berriz, Nafarroakoan. Bi txapelketen helburua taldeei urtarrilean hasiko den zortzinako Euskal Herriko lehiaketa prestatzeko aukera ematea da .
Euskal Herriko finala, 330 kilotan jokatuko da eta etzi eguerdian, 11.00etan hasita Oiartzungo kiroldegian. Aurretik ligaskako bi jardunaldi jokatu dituzte, eta multzo bakoitzetik estreinako hirurak sailkatu dira final honetarako.
Beraz, eta etzi Oiartzunen txapelaren lehian arituko diren sei taldeak honako hauek izango dira: Abadiño A, Abadiño B, Abadiño C, Gaztedi, Sokarri eta Auzolan.
Dudarik gabe, Abadiño da txapela irabazteko faborito nagusia. Bizkaitarrak azkeneko urte hauetan goma gaineko lehian ez dute aurkaririk, eta etziko finalerako ere zaila izango da beraiei txapela kentzea.
Azkeneko lehia honetarasailkatu diren sei taldeetatik, erdiak, hiru alegia, beraienak dira, eta horrek ere badu bere garrantzia. Garbi dago beraiek txapela irabazten saiatuko direla. Auzolan etxean arituko da, eta ahaleginduko da beredak estu hartzen.
Nafarroan, berriz, 465 kiloko eta 390 kiloko azkeneko saioak jokatuko dituzte, eta honekin batera amaituko dira herrialde horretako lehiaketak. Hiru jardunaldiko ligaska ari dira jokatzen, eta hori punturik gehien batzen duen taldeak irabaziko du. 463 kilotan, Amaiur A, Amaiur B eta Txantrea izango dira. Amaiurgo bi taldeak berdinduta daude lehen postuan, beraz, bi horietako bat izango da txapelduna. Nesken mailan, 390 kilotan, Beti Gazte A, Beti gazte B, Txantrea eta Sakana izango dira. Txapela, Beti Gazteren eta Sakanaren artean izango da.
Gizonak
Etzi erabakiko da Euskal Herriko gizon-probako txapela nork hartuko duen ere. Nabarnizen jokatuko da finala, eta urteroko moduan ia guztiak bizkaitarrak izango dira.
Bi ekinalditan banatu dute lehiaketa. Goizean, 12.00etatik aurrera Ormaetxe, Basaibar eta Satsibar lehiatuko dira. Saiorik erakargarriena, ordea, arratsaldean, izango da 17.00etatik aurrera. Bertan, Lopez, Altzola, Guenaga, Arrazola izango dira. Saio honek ikusmin handia piztu du, kirol honek azken urte hauetan izan duen izar nagusia, Mikel Altzola, berriro ere lehian izango baita. Urte batzuetan ez da lehiaketetan izan, baina berriro ere txapela janzteko asmoarekin plazaratuko da.
Horretarako, ordea, egungo txapeldunak, Juan Carlos Lopez menderatu beharko du. Bera da Bizkaikoa ez den finalista bakarra, eta ahaleginduko da ezustekoa ematen, eta iaz lortutakori eusten.