GETXOKO VI. KOMIKI ETA MANGA AZOKA
Bineta sortzaile eta zaleentzako eremu berezia, gaurtik aurrera
Goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak Getxoko VI. Komiki eta Manga Azokak. Ekitaldiz ekitaldi indartzen doan erakusleihoa da, binetaren munduak duen osasun onaren adierazle. Hala, aurten bigarren karpa bat zabalduko dute, japoniar sorkuntzarentzat berezia. Nazioarteko mailan ezagun diren egileak bertaratuko dira, hala nola, Miguelanxo Prado, Eduardo Risso, Andy Riley, Farid Boudjellal, Mark Buckingham eta Francisco Ibañez.
GARA | GETXO
Seigarren urteari eutsiko dio asteburu honetan Getxoko VI. Komiki eta Manga Azokak. Bi karpa eta 90 postu izango ditu eta erakusketa, proiekzio, tailer zein lehiaketak, besteak beste.
Aurreko urteotan bezala, Areetako Geltoki Plazan egongo da kokatuta espazio nagusia eta, lehenengoz, Manga Gunea inauguratuko dute handik hurbil, Santa Eugenia Plazan (Erromo), egile japoniarren jarraitzaileentzat gozamena bilakatuko dena. Hainbat stand egongo dira bigarren areto horretan eta ekitaldi anitz, ekialdeko komikiaren inguruan horiek guztiak.
Azokan komiki saltokiak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin loturiko beste hainbat sektore bilduko dira hiru egunetan zehar. Ia ehun mahai horietan irakurgaiak ezezik, beste material ugari erakutsiko dituzte. Horien artean, bildumetarako piezak, oso preziatuak izaten direnak komiki zale askorentzat.
Nazioarteko mailan ezagun egin diren egileak jardunaldi hauetara bertaratzea espero da. Hitzaldi eta mahai inguruetan, aurkezpenetan eta, nola ez, hain arrakastatsuak diren sinatze txandetan agertuko dira. Hala, komikizaleei aukera eman nahi zaie gustuko dituzten marrazkilariak zuzen-zuzenean ezagutzeko. Aurtengo azokan Miguelanxo Prado, Eduardo Risso, Andy Riley, Farid Boudjellal, Mark Buckingham, «TMEO» aldizkariko egileak -Mauro Entrialgo, Furillo, Ata, Santi Orue, Roger, Abarrots- eta Francisco Ibañez egongo dira.
Argitaletxe eta egileek plazaratu berri dituzten obrak emango dituzte ezagutzera eta hitzaldi eta mahai inguruak antolatu dira sektorearekin lotutako gaiak aztertzeko. Egunero izango dira halakoak ekitaldi aretoan, baita emanaldiak ere, asko zikloetan bilduta. Multimedia lanak, animaziokoak, film laburrak, dokumentalak edo animeekin ikusleek komiki munduarekin loturiko zineaz gozatzeko aukera izango dute.
«TMEO» aldizkari gasteiztarra batetik, eta Mortadelo eta Filemonen sortzailea, bestetik, izango dira gaurko protagonistak. Izan ere, omenaldia egingo zaie 18:00etan. Jarraian, 18:30etik aurrera, sinatze gunean egongo dira zaletuen galderak erantzuteko prest eta, noski, aleak sinatu eta marrazkiak egiteko.
Goizeko 11:00etan zabalduko dute Komiki Azoka. Jarraian bi proiekzio egongo dira: ``Doctor Infierno'' eta ``V de vicioso'' lanak emango dituzte. Arratsalderako, ``Planeta Atlon'', ``Amigos de Jesús'' eta ``Cortos de tebeo'' iragarri dituzte. Arestian aipatutako egileekin batera, Alberto Vazquez eta Clara-Tanit Arque Astiberri argitaletxeko erakustokian egotea espero da.
Marka horrek bere izenburu berriak aurkeztuko ditu bihar, Laureano Dominguez, Santiago Valenzuela eta Alberto Vazquezen lanak, alegia. Egun berean agertuko da Areetatik Andy Railey eta Pasaia-Pagotxaren postutik, Javier Olivares eta Carlos Vermut. Iratik ``Saiak'' albuma aurkeztuko du eta urte bukaerarako zenbaki berria.
Larunbat arratsalderako bi mahai inguru iragarri dituzte. «TMEO»ren hogei urteak aztertuko dituzte lehenengoan eta bigarrenerako galdera bat izango dute airean: Zergatik ezagutzen du nire amak Woddy Allen eta Robert Crumb-en izenak, berriz, ez dio ezer esaten? Carlos Areces, M.A. Martin, Nacho Vigalondo eta Jesus Palacios saiatuko dira erantzuna bilatzen.
Gaurko egoera miatuz
Igandean, berriz, komikiaren egungo egoera izango dute eztabaidagai, baita blog-aren fenomenoa eta irakurlegoaren eboluzioa ere. Pepo Perez, Ruben Lardin, Carlos Vermut eta Koldo Azpitarte mintzatuko dira gaiaz. Gainera, Eduardo Rissorekin topaketa ospatuko da.
«TMEO» aldizkariaren 20 urteko jarduerari eskainiko zaio erakusketaren bat. Hideshi Hino sortzaile japoniarrak ere berea izango du eta, berdin, Manolo Caroten, MAN, egileak. ``Xabiroi'' euskarazko komiki aldizkariaren eta Estudio Estudio Kôsen proiektua osatzen duten bi egileen erakusketak ikusi ahal izango dira Getxon.
Manga Guneko jardueren egitaraua anitza izango da. Lehiaketak -mozorroak eta karaokea-, tailerrak eta mahai inguruak, besteak beste. Horien artean, espainiar estatuko Pump It Up lehiaketako finala nabarmendu dute antolatzaileek. Gero eta arrakastatsuago den jokoaren lehiakiderik onenak bilduko dira.
Azoka osatzeko, Getxoko Kultur Etxeak komiki munduarekin zerikusia duten ekintzak eramango ditu aurrera azaroan zehar. Udal erakustaretoetan eta Getxoko zenbait tabernatan komiki erakusketak egongo dira. Horietan Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko egileen lanak erakutsiko dira: Raquel Alzate, Alex Orbe, Javier de Isusi Alex Sanvi, Alberto Muriel eta Infame&Corenak.
Mangarekiko interesa handituz doa gazteen artean. Horren adierazle, aurten ekialdeko sortzaileen lanekin gune berezia irekiko dute Erromon.